Egunkaria-ren itxiera gogorra izan zen, baina, are gehiago, estatuko egunkari askok erabilitako «informazioa». Une horietan epaiketa egin gabe zegoen, baina haiek bazuten «epaia». Epaiketa egin zenean, argi geratu zen informazio horiek funts gabeak izan zirela.
Horregatik, BERRIA sentiberagoa izan beharko litzateke, Egunkaria-koa ikusita, epaitu gabeko gaietan alderdi batek esandakoa ez adieraziz. Adibidez, abenduaren 12an, Euskal Herriko Erroma artikuluaren argazkiaren oinean hau zekarren: «Iruña-Veleiako (…) euskarazko idazkun batzuk (…) zenbait adituren ustez ez baitira benetakoak».
Faltsifikatzaile bat egon dela iradokitzen du, Eliseo Gil denon burura etorriz, eta, horrela, ehungarren aldiz, deskalifikatzen eta epaitzen.
BERRIAk jakin beharko luke gai horrek epaitegian jarraitzen duela. Eliseo Gilen kontra jarritako hiru kereiletatik bi bertan behera geratu direla eta hirugarrena erabaki ahal izateko epaileak laster egingo diren grafitoen datazioak agindu dituela.
Ondo legoke aurretik inor ez epaitzea, eta gai hauek normal adieraztea, adibidez, «une honetan bi iritzi daude, faltsuak eta benetakoak, eta epaitegian dago argitzeko zain».
Bide batez, Aranzadi eta Arkeolanentzat gai honek «sinesgarritasuna» galdu duela irakurri dugu albiste berean. Nik bai galdu dudala sinesgarritasuna, baina haiengan eta arkeologoengan, oro har, gai hau argitzeko haiek eskatu behar izan zituztelako datazioak orain lau urte, eta ez epaileak.
Zuzendariari
'Egunkaria', BERRIA, Iruña Veleia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu