ZUZENDARIARI

Egunero

Bilbo.
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Duela gutxi Martxoak 8 izan zen. Emakumeen eskubideak aldarrikatu ditugu, borroka feminista indartuz. Oso polita, inspiragarria eta aberasgarria izan da, bai, baina duela gutxi kolektibo feministan erabiltzen den terminoarekin ezagutzen direnen iritziak entzun behar izan ditugu: machiprogre-ak.

Izen horrekin ezagutzen den pertsonaren profila horrelakoa da: arraza zurikoa, diruduna, heterosexuala, lehen munduan bizi eta, noski, gizona dena. Fenomeno berri honetan sartzen diren tipoek feministok egindako ekintzak kritikatu behar dituzte. Ezagutzen dute gure borroka, eta ezagutzen dute gure helburua. Ordea, haien protagonismoaren beharra ekidin ezinean, emakumeoi geure borrokarako bidean zer egin behar dugun esan behar digute. Aski da, mesedez! Historian zehar gizonak izan dira emakume gehienen bizitza gidatu dutenak, eta orain, azkenean, geure kabuz borrokatzeko gai garenean, machiprogre hauek agertu behar dira. Barrengorriak bezala agertzen dira, eta haien argudio super burutsuak botatzen dituzte.

Alde batetik, «baina ni berdintasunaren aldekoa naiz» daukagu. Horrekin batera, gehienetan, hau doa: «ez dut ulertzen zergatik deitzen den feminismoa, berdintasuna bilatzen badu». Lagun machiprogre maitea, feminismoa deitzen da (eta ez berdintarismoa edo maskulinismoa) emakumeen eskubideak indartzea bilatzen duelako. Mendeetan zehar, balantza batean irudikatuko bagenitu gizon-emakumeen eskubideak, gizonen aldeak pisu handiagoa izango luke. Beraz, eskubide berberak gehituko bagenitu bi aldeetan, balantzak desorekatua jarraituko luke.

Bestetik, hau dago: «eta zergatik ez dago gizonaren eguna?». Hori entzutean, negar egiteko gogoa ematen du. Kontua da egunero gizonaren eguna dela dirudiela, eta tristea da emakumearen egun bat behar izatea. Gizon zuriek ez dute beren eskubideak aldarrikatzeko egun bat behar, historian zehar haien eskubideak izan dituztelako gizona izateagatik. Jende askok emakumeak egun horretan zoriontzen gaituzte, eta ez dago zoriontzeko arrazoirik. Egun hori, Martxoak 8, egunero gauzatu behar dugun borroka ikusarazteko da. Machiprogre maitea, utziguzu emakumeoi gizartean merezi dugun lekua geure kabuz lortzen, gure erara. Borroka ez da bukatzen, eta ezin dugu ahaztu Martxoak 8 egunero dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.