Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen ahaldun zaren horri: Elorrioko Pentsionisten Mugimenduaren izenean zugana jotzen dugu gutun honen bidez, Elorrion eguneko zentroaren gabezia salatzeko. Urteak daramatzagu eguneko zentroaren premia aldarrikatzen. Eta bertoko talde politiko guztiek aldarrikatzen dute gauza bera hauteskunde kanpainetan.
Pentsionista mugimendu gisa, herrian 1.150 sinadura bildu ondoren, eguneko zentroa gauzatzearen aldeko mozioa aurkeztu genuen udalean. Onartua izan zen EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Elorrioko alkateak batzarra eskatu zuen Bizkaiko Aldundiko arlo horretako arduradunarekin. Eta batzarra egin zen, Sergio Murillo aldundiko arduraduna, Idoia Buruaga alkatea, Maria Herreros alkateordea eta pentsionista baten partaidetzarekin.
Batzarraren ondorio bakarra, ikerketa egin behar zela, jakiteko Elorrion eguneko zentroaren premia ote zegoen, Murillo jaunaren esanetan. Ba ikerketa Elorrioko udal gobernuak martxan jarri zuen GPS enpresaren eskutik, urte honetako martxoan.
Ikerketa gauzatzeko, aldundiak ez zuen eskaini ez oinarrizko daturik ez eta inolako laguntzarik ere.
Datu esanguratsuenak aipatzearren, Elorrion gaur egun 1.715 pertsona daude 65 urtez gorakoak, eta 125 pertsona 2-3 graduko menpekotasunarekin. Bizkaian bi herri soilik daude halako datuekin eguneko zentrorik gabe, Sopela eta Elorrio.
Datu horiek eta estudioa eskutan, herriko hautetsiek batzar bat izan dute Amaia Antxustegi aldundiko arduradunarekin, eta ezezkoarekin jarraitzen du, esanez badagoela zentroa Durangon. Bai ba, jakina! eta Bilbon, Elgetan, Eskoriatzan... Soberako hitzak. Elorrion egunero jasaten ari gara Igurian, Pullan... inguru guztian, AHT abiadura handiko trenaren triskantza inongo kontrolik gabe, eta dirua kamioikadaka xahutzen; beraz, ez goaz onartzera eguneko zentrorik ez izatea Elorrion.
Bizitza osoan zehar, pertsona orok zaintzeko eta zaindua izateko dugun eskubidea defendatzera goaz. Horretan datza hain zuzen ere administrazioak darabilen leloa, hots: Euskadi auzolana, horren erabilia, non mamia kendu dioten. Aurrera Elorrion eguneko zentroa lortu arte.
ZUZENDARIARI
Eguneko zentroa Elorrion, orain!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu