Karrantza

Egun on, España

Rafa Arriola San Sebastian
2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Gero eta akats ortografiko gehiago atzematen dugu sare sozialetako idazkietan, eta ez soilik gazteek egindakoak, baita komunikabideetakoetan ere. Batzuk hain bihurtu dira ohiko, non gure begiei apenas ez dieten minik ematen.

Horrela, gaztelaniaz hauek bezalakoak barra-barra irakurtzeko aukera daukagu: «Se a perdido un perro», «Será eso o k no empieza a la hora...» edo «Aver si me pueden ayudar»... Horiek, betiko desagertzear dauden azentuei erreparatu gabe. Euskara ere, ez da joera berri horietatik salbu: «pasaden astean», «aserretuta gaude», «eskerrik», «egunon»...

Sarritan, erakundeek hizkuntza bien ofizialtasuna bermatzen dutelako planta egiteko, makina batek egindako itzulpen ziztrinez osaturiko testuak plazaratzen dituzte: «Lantegi praktikoa eta interesgarria = Tailer (ikastaroa)»; «iniciamos el proceso de reflexión estratégica = hausnarketa prozesuari hasiko dugu»; «ez da garaitasuna = no es una incidencia», eta abar luzea.

Batzuetan, lagun bati pasatzen dizkiot halako testuak, eta aitortu behar dizuet lau lerroko batean, puntuazio eta data barne, zortzi akats zenbatzera heldu garela. «Ustezko borondate onarekin, sarraskiak egin dituzte gizakiaren historian zehar» esaten zuen beste lagun batek.

Aurreko aste batean, 1938an sortutako egunkari baten sare sozialaren lerroburuak hau zioen: «... está dando la vuelta a españa en esta aeronave». 2019an Cuelgamurosetik atera zuten diktadoreak españa horrela idatzita ikusi balu, lerroburua idatzi bide duen bekadun esplotatu gixajoa kartzelan sartuko zuen. Zain dezagun ortografia: «Egun on, España, eskerrik asko...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.