ZUZENDARIARI
Egun baterako favela
Getxoko Aixerrotako zelaietan txabola-auzoa eraikitzen dute urtero Done Jakue bezperatan. Urrunetik ikusirik, errefuxiatu eremua ere izan liteke hura. Aixerrotan, ordea, arrozik ez da falta, edateko urik ere ez, eta, antza, biztanle guztiek daukate bizitoki duinagoren bat. Izan ere, uztailaren 26ko ordu txikietan hustu egiten da eremua, eta, garbitzaileak favela eraistera etorri orduko, abandonatutako txaboletan eraikuntza-material bila ibiltzen dira beste lagun batzuk. Getxoko haize-errota 1727an eraiki zuten. Bizkaiko ur-errotak geldiarazi zituen lehorte luze baten erdian sortu omen zuten. Baliabide natural mugatuak dituen mundu basati honetan beste hamaika krisi ikusitakoa da errota zaharra bere talaia paregabetik, baina oraindik ezin irudika dezake parranda bat egiteko favela eraiki eta ondoko egunean zakarrontzira botatzen duen jendarteari gertatu behar zaion deskalabrua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu