EGA ez da ez zaila ez erraza. EGAk bakarrik aitortzen du titulu hori eskuratu duenak Europako Erreferentzia Markoaren arabera C1 maila duela euskaraz, eta ez besterik. Maila bera erakusten dute Nafarroako EGAk, Iparraldeko EGAk edo Hizkuntza Eskola Ofizialetako Gaitasun Mailak. Hizkuntz gaitasun maila bera erakusten dute Advancedek ingelesez edo DALFek frantsesez eta, jakina!, Instituto Cervantesen gaztelaniazko C1ak. Inor ez dago behartuta C1 eskuratzera, eta nork bere hizkuntz gaitasunaren arabera, hainbat aukera ditu. Gaur egungo EGA azterketa hori «zailegia» bada, erraztu daiteke, baina ez litzateke C1 homologatua izango. Zein da arazoa, orduan? Zer nahi dugu: hiztunak ala tituludunak, euskararen erabiltzaile aktiboak ala jasotzaile pasiboak?
Zelaa Hezkuntza sailburu ohiak argi gorri guztiak piztu ditu. Gauza asko esan eta salatu ditu: batetik, euskaraz ikasi duten gazteek ere ez dutela EGA eskuratzen; bestetik, batez beste aurkeztutakoen laurdenek baino ez dutela EGA gainditzen, eta, azkenik, euskara eta ingelesa alderaturik, Espainian ia azterketarien bi herenek Advanced-C1 erdiesten dutela. Are gehiago, EGAri buruz hauxe dio: «Independientemente de los factores sociolingüísticos, este nivel de fracaso en las pruebas de acreditación no es aceptable». Aldi berean Vocento taldeak ondu ditu baieztapen horiek artikulu asaldagarri batzuekin: «EGA, así es el examen más difícil de Euskadi».
Ohar bi baino ez, egindako kritiken ontasunaren berri. Lehenik, ez dakit Espainian nola den, baina Euskal Herrian batxilergoko ikasleek, ingelesez tituluren bat eskuratzekotan, ez dute Advanced-C1 eskuratzen, First/B2 baizik. Gehienek hori ere ez. EGA-C1aren eta Advanced-C1aren azterketetako emaitzen arteko aldeak oso azalpen prosaikoa du, ez dauka zerikusirik azterketen egokitasunarekin, ekonomiarekin baizik. EGA-C1 azterketa egiteko azterketariek aldez aurretik 22 euro ordaindu behar dituzte; Advanced-C1 azterketa egin ahal izateko, berriz, 200-330 euro. Ikasle asko joaten dira EGA-C1 azterketara «probatzera» (eta ez «aprobatzera»); gainditu ezean ez dago galera handirik dirutan. Advanced-C1 gainditu ezean, berriro ordaindu beharko lukete dirutza hori; azterketariek arreta handiz prestatzen dute «aprobatua» bermatzeko.
Eta bigarrenik, Zelaaren esanak gorabehera, azterketetan egoera soziolinguistikoak beti izan behar dira kontuan, bestela gramatikakeriaz arituko ginateke. C1 mailaren arabera, azterketariei heldutasuna eskatzen zaie testuak ekoizteko koherentziaz, kohesioz, egokitasunez eta zuzentasunez, eta gazte askok eskatutako maila hori ez ohi dute batxilergoan.
Jakin badakit tituluak ez duela hiztunik egiten (euskal hiztun gehienek ez dute EGArik eta EGAdun guztiek ez ohi dute euskaraz egin); baina euskarazko hizkuntz gaitasuna hobetzeko egiten duten ahaleginak hiztun bilaka ditzake. Hizkuntza bat zenbat eta hobeto ezagutu hainbat eta aiseago mintzatuko da (nahi bada); baina trakets ezagutuz gero, hizkuntza horren erabilera saihestuko da (ikus Txepetx: jakintza, motibazioa erabilera).
Azken ohar bat. Badirudi Europako Markoak homologatutako euskarazko agiriak baino fidagarriagoak direla EAEko dekretuak, euskaraz ikasi duten batxilergoko ikasleei dekretuz aitortzen baitzaie euskarazko B2 (edo C1 unibertsitarioei) inolako kontraste-probarik egin gabe. Halako dekretu bat argitaratu zuen 2012an Lopez lehendakariak euskal eskoletan piper egiten zuen bitartean eta Urgell Kulturarako sailburuak EGA tramite aspergarri multzo bat baino ez zela aitortzen zuenean. Jantzi-erantzi motako hizkuntz gaitasuna ematen duen dekretua: administrazioan lan egiteko hizkuntz gaitua bihurtzen zaituena eta administraziotik kanpo, ez. Nola da hori? Babel dorreko zigorra edo Mendekoste eguneko miraria huskeriak baino ez ziren Lopezen dekretu horren aldean.
ZUZENDARIARI
EGAren arazoa da arazorik ez izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu