ZUZENDARIARI

EAJk euskarari buruz Donostian duen jarrera

Donostia.
2015eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
EAJk aurtengo ekainean udal hauteskundeak irabazi eta alkatetza hartuz geroztik, Donostiako hiritarrak eta Udaleko langileak zeharo harrituta gaude alderdi hori (euskalduna), bere gobernukide den PSOErekin batera, euskararen politikekiko izaten ari den jarrerarekin.

Aurreko legegintzaldian zehar euskararen erabilera sendotuz joan zen, bai hiritarrei begira, bai udaleko barne funtzionamenduari begira. Kalean euskararen aldeko kanpainak egin ziren eta udal langileak motibatu zituzten, presiorik gabe eta etengabeko laguntzaren bitartez, lan harremanak, idatzizkoak nahiz ahozkoak, euskaraz izan zitezen. Zinegotzien eta langileen ordezkarien arteko bilera gehienak ere euskaraz egiten ziren.

EAJ eta PSOE alderdiek udaleko agintea hartuz geroztik gure hizkuntzarekiko errespetu eza nabaria izan da sarritan: -Hizkuntz eskakizunak murriztu egin dira zuzendari berrientzat. -Hain desiratuak izan diren (batek daki noren aldetik) zezenketak iragartzen zituzten karteletan euskara ez da inon agertzen, ezta Donostia izena esateko ere; baina ez dute begitartea aldatu ere egin.

Euskararekiko mespretxuzko jarrera horren azken adibidea, hilaren 6an izan zen, Udaleko Euskara Batzordeak legealdi honetako lehenbiziko bilera egin zuenean, sindikatuaren atal honek hala eskatuta. Bilera horretara Giza Baliabideetako zinegotzi delegatua den Juan Ramon Viles jauna etorri zen, baina ez zituen erabili zinegotzia den bere arloan bertan dauden itzulpenerako tresnak. Horrela, Euskara Batzordearen bilera euskaraz izatea oztopatu zuen, eta bere hizkuntzan egitera behartu gintuen: espainolez.

Suposatzen dugu udal honetako Euskarako zinegotzi delegatuak, Miren Azkaratek (Euskaltzaindiko kidea eta EAJko kidea), euskararekiko Viles jaunak baino sentsibilitate handiagoa izango duela, eta haren erabilera sustatuko duela Udalaren eta hiritarren arteko harremanetan eta udalaren barne harremanetan.

LABen Donostiako Udaleko sail sindikalak euskara baztertzerik ez duela nahi jakinarazten du. Horregatik, zinegotzi delegatuei iradokitzen die itzulpenerako tresnak erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.