Urtero legez, loratu da Durangoko Azoka, euskal kulturaren agerkunde koloretsu eta bizia. Edo bestela esanda, lehertu da bihotza betetzen digun neurri berean patrika husten digun eztanda kulturala. Aurton, ordea, produktu berrietan baino gehiago, hutsuneetan pentsatzen eman dut etxera bueltatzeko bidea.
Lehenik, munduko nobedade musikal guztiak elkartuta ere estali ezingo genukeen egia: isildu zaigu bardoa, agur esan digu Benito Lertxundik. Eta ez dakit zuek, baina nik Landako guneko lurrinak zeharkatu eta Durangoko orbel guztiak irentsiko nituzke Lertxundi oholtza gainean berriro kantuan entzutearen truke. Tira, abeslariaren ibilbidea eta ekarpenak gogora ekartzeko eta bihotzeko samina arintzeko ahaleginean, Pako Aristik idatzitako Euskal kantagintza berria erosi dut. Berriki agur esan digu Pakok berak ere BERRIAko irakurleoi. Zenbat galera, ez dugu halakorik merezi!
Bigarrenik, ikastolan Zetak-en musika aztertu dugu, Erramun Martikorenaren Xalbadorren heriotzean kantatu, bien arteko Itzulera-z gozatu… baina, azokara joan diren gure ikasleek argazkia euskaraz eskatuko al zioten Pello Reparazi? Azokako kaleak zein hizkuntzaz bete dituzte? Noski, azokak berak sortzen duen giroak euskara eta euskal kultura eurengan zertxobait gehiago sartu baldin baditu, pozik egon gaitezke. Hori dela eta, zentzugabeko ideia batek harrapatu nau: nola erantzungo lukete gure DBHko 4. mailako ikasleek, azokan Nico Williams topatuko dutela jakingo balute? Zer gertatuko litzateke, adibidez, argitaletxeren batek bere erakusmahaira gonbidatuko balu eta sinadurak eta argazkiak eskatuko dizkion gazteari Uxue Alberdiren Hetero eta Gorka Urbizuren Hasiera bat gomendatuko balizkio? Zenbat gaztek egingo lukete egoera horretan euskararen aldeko hautua, euren idoloarekin hizketaldia izateko besterik ez bada? Ez irakaslearen kalaka aspergarriak bultzatuta, ezta gurasoen begirada zorrotzak derrigortuta ere, ezpada bere oldez, motibazio hutsez eta inork behartu gabe. Bai, bai, badakit, hura ez da euskalduna, eta futbolik ez kultur plaza honetan. Barka burutazioa, dedio!
Azkenik, adiskidantzari gorazarre eginez agurtu nahiko nuke aurtengo azoka; kulturaren epelean elikatzen den lagunarteari gorazarre eginez, alegia: azokara zurekin batera doan laguna, bertan zaudela topo egingo duzuna, zer erosi duzun entzungo duena. Eta miresten dituzun artistek utzi dizuten lorratza, jakina. Bai, Bidegain, euskal kulturaren jauregi ederra dugu azoka hau, atez ate, erakusmahaiz erakusmahai deskubritu beharrekoa. Barnealdean ur emari handiko ibaiez beterik egonagatik izokinarena egitera behartzen ez gaituena, Barandiaran, zuen galbahe kulturalak korrontea alde paratzen digulako. Gu guztiontzat, Ablanedo eta Euskal Herriko kulturazaleak, azoka egun hauek izan daitezela askatasun haize fresko eta herriaren oihartzun.