Zuzendariari

Duintasunak esnatu gaitu

Uribe Kosta.
2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Duintasunak esnatu gaitu gaur (atzo). Ametsa zela uste nuen; ondoan neukan lagunak beltzez jantzita agertzen diren mamu burugorridunekin amestu barri zuela kontatu dit.

Ez zen ametsa, Donostiako plaza zen. Eta bertan, herri aske eta goxoago bat irabazteko duten hainbat gizon-emakume, bihotz gazteak denak. Oihuak, gorputz nekatuak, irrintziak, abestiak, elkartasuna eta ondo lotutako besoak batzuen armak; borrak, kasko gorriak, gomazko pilota hiltzaileak, metal puntadun botak eta pistolak (horiek erabili ez, gainean dituztelako) besteenak. Jendetzaren erdian, txikitatik ametsen atzetik korrika egiten jakiteagatik zigortuak izango diren 8 lagun.

Ahotsaren esperientzia kontuan izatekoa da. Aurore Martinen esaldiak ondo deskribatu du zertarako balio duen herri harresiak: «Herri bat duzunean atzean geroa ez da errazagoa, baina bihotza beteta zoaz bederen». Ziur nago Donostiako gazteak horrela joan direla, beteta; espero horrela bueltatzea ere. Guztion esku dago hori.

Beltran de Heredia andereak ondokoa esatera ausartu da mamu kasko gorriak gazteak lapurtzera joan direnean: «Ez dut ongi ikusten ideologiatik norbait kartzelan sartzea». Ez dut ondo ikusten, baina egiten dut, laguntzen dut eta ez dut horren kontra ezer egiten. Horra hor EAJren duintasun galera.

Duintasunak esnatu gaitu. Espero dut esna gaitzala gehiagotan, duintasun bakoen erasoei aurre egin behar diegun guztietan behintzat. Duintasunak handi egiten gaituelako, txiki eta babesgabe gaudenean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.