Indarrean jarri berri dugu eutanasiaren legea Espainiako Estatuan. Etimologiara jotzen badugu, greziera klasikozko adierazpen horrek «heriotza goxoa» esan nahi du.
Heriotza eta duintasuna elkarturik idatzita, zenbat nahi agertu izan zaizkigu komunikabide, irrati eta telebistan, behin eta berriro esanez eutanasia heriotza duina dela. Baina, funtsean, hauxe dugu galdera: zer da heriotza duina?
NIk argi dut heriotza duina dela gizaki batek, laguntza sanitariorik onenaz lagunduz gero, maite dituenen arretaz eta beraiez inguraturik, berez ailegatzean bizi izaten dena. Heriotza hori bai dela duina, baita goxoa ere. Aitzitik, ailegatu aurretik eta nahita eragiten den heriotza ezin da inoiz duina izan.
Honetaz asko dakien bati entzun nionez, eutanasia eskatzean norbaitek dioen«ez dut bizi nahi» esaldiari beste hitz bat gehitu beharko genioke, «ez dut bizi nahi honela» baita hark egiatan esan nahi duena. Eta azken hitz horretan dago gakoa. Nik ez dut bizi nahi min hauek pairatzen, bakarrik, inorengandik maitasunik gabe...
Gaur egun medikuntzak duen aurrerakuntza-mailarekin posible da, bizialdiaren azken zatian, egiazko duintasuna izatea, heriotza bilatu eta probokatu egin gabe.
Badira, egun, herbeheretar adinez nagusiak, bertako egoitzetatik Alemanian direnetara lekualdatzea eskatzen dutenak. Ea gurean Frantzian direnetarako joera bera ikusten dugun.
ZUZENDARIARI
Duintasuna heriotzaren atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu