Ekainaren 11n, Donostiako Udal Gobernuaren buletin ofiziala dirudien Diario Vasco-k —berari soilik ematen baitizkiote honelako informazioak— artikulu bat argitaratu zuen Parte Zaharrean ostalaritzaren alorrean egiten (omen) diren ikuskapenei buruz. Nire ustez artikuluaren helburua zen erakustea udalak nolako lana egiten duen gure auzoa zaintzen. Bertan ematen dituzten datuei erreparatuta, ordea, eta kalkulu txiki batzuk tarteko, garbi ikusten da zein den benetan gure auzoren egoera.
«Berrehun ikuskatze baino gehiago egin dira», dio testuak, eta izenburuan irakurtzen dugunez «185 akta egin dituzte ez-betetzeengatik»; beraz, gehien-gehienek ez dute indarrean dagoen araudia betetzen!
Terrazei buruz: 51 inspekzio eta 39 akta (batzuk baimenik ez zutelako!): %76,5ek ez dituzte arauak betetzen. Bestalde, 56 taberna-almazen ikuskatu dira. Kontrolak egiten hasi direnetik, 24k legeztatzeko tramiteak hasi dituzte, beraz, legez kanpo egon dira martxan orain arte (baimenik gabeko terrazak dauden bezala), eta beste 17 itxi egingo dituzte: %73k ez dituzte arauak betetzen. Hau da, establezimenduen hiru laurdenek ez dute legea betetzen.
Azkenik, egun (eta gau) santu guztia —«urteko 365 egunetako 24 orduak»— auzoan sartuta pasatzen omen dute kontrol poliziala egiten, baina 2024ko lehen lau hilabeteetan aforoaren bederatzi inspekzio egin dituzte. Bederatzi bakarrik?! «Hala patruilek nola kaleko jantzitako poliziek arau-hausteak atzematen dituzte eta UCOMi informazioa ematen diete». Nora begira daude bada?!
Auzoan bizi garenok egunero ikusten ditugu arau hausteak: nonahi uzten dituzte terrazako altzariak edo botilez betetako kaxak, gauean ostegunetik aurrera beti dago jende piloa kalean edaten, oihuka, eta taberna batzuetan musika altuegi egoten da... Zaborra/kartoia finkatua duten ordutegia baino lehen ateratzen dute kalera edo auzoko kontainerretara botatzen dute, poltsa erraldoietan, askotan trabatuta utziz, eta abar. Eta sute asko sukaldeetan...
Egia baldin bada kontrol horiek egin direla, eta hainbeste arau-hauste aurkitu baldin badira, ondorio bakar bat atera daiteke: orain arte ez dutela beren lana egin eta, ondorioz, ostalaritzan dagoen inpunitate giroa dela nagusi gure auzoan.