ZUZENDARIARI

Detaile txikien finala

Santurtzi
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Txapelduna nor izango den, detaile txikiek erabakiko dute. Zenbat bider entzun ditugu horrelako esaldiak azken egunotan? Zenbat adituk, sasi-adituk, futbolarik, kazetarik... esan dituzte halakoak azkenaldi honetan, Kopako finalaren gainean telebistan agertu diren saio uholdean?

Barkatuko didazue, finala galtzearen ajea izango da beharbada, baina ez dut uste «detaile txikien» diskurtsoak mesede egin dionik Athletici. Gu, Athletic, ez gara kasualitatez edo gertakari puntual bati esker partidak irabaz ditzakeen taldea. Ez gara izan, ez gara eta, segur aski, ez gara izango. Gureak ez dira beste talde batzuen «futbolari piano joleak» edota «jokaldi marrazkilariak». Guk, irabazteko, irabazi behar izatekotan, sakatu, sakatu eta sakatu egin behar dugu. Horma bota arte sakatu. Eta orduan bai; indarraren indarrez, kemena erakutsita, gol bat, bi, edo sartu beharrekoak sartuko ditugu.

Hala eta guztiz ere, uste dut hankak eta buruak blokeaturik jokatu genuela, irabazi beharrak edo galtzeari beldurrak eraginda, batek daki. Eta batek daki ez ote zebilen jokalarien buruetan «detaile txiki» bati esker irabaztearen ideia kaltegarri hori.

Hemendik aurrera, gorputz eta arimaz aurrera egingo dugu, eta guk geuk botako dugu horma, ez «detaile txikiek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.