Azkoitia

Denok egin beharreko ahalegina

Antton Elorza
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Denboraldi luzea daramagu herritarrei zuzenduta beldurra sortzera bideratutako albiste eta komunikatuekin bonbardatzen gaituztela egunero.

Azkena, oraingoz, Europako arduradun politikoen gomendioa da. Hondamendi beliko edo naturala gertatuz gero hiru egunez bizirik irauteko balioko lukeen kit bat biltzeko proposatzen digute, katastrofeen ondoren ura, janaria, botikak, bateriak, jokoak... falta ez izateko. Lurrikara bat? Uholde bat? Sute bat? Edo hondamendi horiek guztiak iradokitzen dituzue zuzenean zer nahi duzuen ez aipatzearren, eta beldurra sartzeko gerra aitzakia hartuta? Baina, kasu horretan, biziraupen kit baten ordez, ez al litzateke hobe armamentu kit bat, AEBetan gomendatu ohi den bezala? Pistola, subfusil eta bazuka eta guzti. Eta gainera, zertarako balio du hiru eguneko kit batek? Ez al litzateke hobe izango hiru hilabeterako kit bat? Supermerkatuetara joan beharko genuke berehala, eta hustu. Ez gaitezen janaririk gabe geratu eta hornidura faltagatik hil, hondamendiengatik hil beharrean.

Egun batzuk daramatzate armamentuan gehiago gastatu behar dugula konbentzitu nahian, auskalo nork eraso egiteko arriskua baitago. Argudiatzen dute AEBek NATO utz lezakeela, eta Europa bakarrik geratuko litzatekeela ustezko erasotzaileen aurrean. Horregatik, azpimarratu dute «denok egin beharreko ahalegina» dela eta milaka milioi bideratu behar ditugula armak fabrikatzera. Horrek bat egiten du aurrekoarekin, ezta? Gure ahalegin indibiduala armamentu kita izan liteke.

Ildo horretan, politikariek eta enpresariek gerra giroa baliatzen dute armagintza bultzatzeko, eta negozio eta enplegu aukera gisa aurkezten dute. Heriotzarekin negoziatzea —armek eragiten dutena— euskal gizartearentzat interes handiko proiektua balitz bezala.

Ikusten dugunez, mezu kezkagarriak eta zalantzazkoak bidaltzen dizkigute, gerra egoera baterako prestatuz. Ezin dugu ahaztu badirela gerrak jasaten dituzten herrialdeak —batzuk hurbilekoak—, eta hori irits dakigukeela. Ero arriskutsu asko dago agintzen dutenen artean. Eta larriena da, iraganetik ikasi beharrean, gerra gizakiarentzat berezkoa dela onartzen dugula, eta gatazka historikoekin justifikatu ohi dela.

Tristea da XXI. mendean, eskura ditugun aurrerapen teknologikoekin, gatazkak modu zibilizatuan konpontzeko gai ez izatea. Saiakera bat egon zen: Bigarren Mundu Gerraren ondoren, NBErekin eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin, indarkeria saihesteko elkarrizketa sistema bat sortu nahi izan zen. Ideia ona, baina huts egin zuena: NBEri ez zaio jaramonik egiten gaur egungo gatazketan. Eta ulertzekoa da, herrialde batzuen beto eskubideak akordioak blokeatu eta autoritatea kentzen baitio.

Gerra bultzatu beharrean, adimena, ikerketa eta hezkuntza irtenbide baketsuetara bideratu beharko genituzke. Eta hori herritarrok bultzatu behar dugu, botere politiko, ekonomiko eta mediatikoei jarrera eraikitzailea har dezatela exijituz, eta onura ekonomikoa ongizate orokorraren menpe jarriz.

Gerrarik ez! Armarik ez! Eta utzi izua zabaltzeari!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.