Neguaren akabaila inauteriekin etortzen da: sinboloak, trapuak, maskarak, errituak, dantzak, dibertsioa, satira, kritikak eta arau hausteak nonahi. Edo rol aldaketak desberdin sentitzeko, egunerokotasuna hausteko.
Egun, jendartea aldatuz doa: emakumezkoak eta gizonezkoak lantegirat doaz; etxeko-lanak konpartitzen dituzte; aisialdia ere bai; berdin leku publikoak: ostatua, bestak… eta, doike, inauteriak. Bakoitzak hartzen dugun lan, espazio zein aisialdiaren banaketaren inguruan hausnartzea ez legoke gaizki…
Inauteriak duela 50 urte artio gizonezkoenak ziren. Egun, ez da arazorik emakumezkoa mozorrotzen bada, eskean ibiltzen bada. Ez Baztanen sorik. Badakigu bertze zenbait herritan oraindik ere pauso hori ez dutela eman. Animatzen ditugu besta horietaz gozatzera. Eta baztandarrak ere animatzen ditugu inauteriek egin duten ibilbide bera mutil-dantzekin egitera. Nork erabakitzen du parte hartuko dugun edo ez?
Tradizioak jendartearen islada dira, eta hauetako batzuk zurrunak dira arras. Horren aitzinean «beti horrela izan da» erraz erraten dute zenbaitzuek, «beti» horrek kalte egiten dienak zer pentsatzen duten edo nola bizi duten hausnartu gabe. Kaltetuak garenak gure pentsamendua agertuko dugu, leku publiko guztiak konpartitzea lortu artio. Denena dena denendako izan artio.
Mozorroaren barnekoa ez dakigu emakumezkoa den edo gizonezkoa; bat edo bertze izan ez da aldatzen. Mutil-dantzetan zergatik? Zer aldatzen da dantzaria emakumezkoa delarik?
Zuzendariari
Denak berdin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu