Larunbatean, Hendaiako manifestaldian parte hartu ondoren, Euskal Telebistako 2. kateko berriak entzun nituen. Han, Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria, Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Battitta Salaberri, Hendaiako auzapeza elkarrizketatu zituzten. Hirurak gaztelera batuan mintzatu ziren... Gogora dezadan manifestaldia ikastolaren alde zela, hots, euskararen alde.
Alferrik dugu «Euskaraz bizi nahi dut» aldarrikatzea, ondoren, gure inkontzientean kolonizatuaren sindromea uxatzeko gai ez bagara, euskal hedabideetan erdal elebakarren itzultzaileak izateari uko egiten ez badiogu. Alferrik dugu euskararen erabilerari buruzko inkestak egitea, euskara hizkuntza «elbarritutzat» jotzen badugu, erdararen mendetasunari josita balego bezala.
Bidenabar, EITBko zuzendaritza berritzear dagoenez, zera eskatu nahi nieke arduradun berriei: ETBko elkarrizketak, adierazpenak, eta abar euskaraz eta gaztelaniaz jaso beharrean, euskaldunen adierazpenak euskara hutsez jaso daitezen, eta jardunbide hori etxe horretako araua bilaka dadin.
Zuzendariari
Deitoragarria!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu