ZUZENDARIARI

Debako arte eskolaren segidaz

Lorea Izagirre.
Debako Artisautza ikastegiko langileok.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Debako Artisautza Ikastegia, arte eskola izenaz ezagunagoa, betiko ixteko arrisku bizian dago. Ikasturte amaieran, ez dakigu oraindik ezta irailean gure eskolako ateak berriro irekiko ote diren ere. Udal-ordezkariek esandakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak erdira murriztu du aurten gure eskolarako diru-laguntza, eta horrek biziki zaildu du eskolaren iraupena. Hala ere, Debako Udalak, langileen eskariz, konpromiso hau hartu du: Eusko Jaurlaritzarekin egingo du bilera, Arte Eskola irekita mantentzeko irtenbideren bat bilatzearren.

Gure eskolak 35 urteko ibilbidea egin du, eta gaur egun artisautza-irakaskuntzak ematen dituen zentro bakarra da. Prestakuntza integral bat ematen da, eta, ondorioz, eskolatik ateratzen diren artisautza-teknikariak behar bezala gaiturik daude artisautza-munduari banako erantzunak emateko, eta arteari zein irakaskuntzari irtenbide teknikoak emateko.

Institutuetan arte-batxilergoa sortu zenean, orduko irakasle gehienak gure ikastegitik igaro ziren, ezaguerak birziklatzeko edo eguneratzeko.

Gaur egun arte aplikatuak artea baino maila gutxiagokotzat jotzen direla sobera konturatuak gara. Artisauak ere gutxietsita daude; emakumeen kopurua nabarmena da hor, eta ez dugu uste hori txiripa denik.

Oraingo garai hauetan nagusi dira tituluak, master-negozioak eta komisariotzak; baina arte aplikatuetako goi-mailako eskola ofizialak sortzea gainditu gabeko irakasgaia da oraindik. Horrelako eskolak noizbait abiarazi behar badira, eta kultura eta hezkuntza hiriburuetatik deszentralizatzeko beharra kontuan hartuz, ondo legoke Deba eskualdetik hastea. Artearen munduari begiratu bat emanez, Jorge Oteizaren Apostoluen frisoa Arantzazun badago, harri-teknikarien lanari esker da; Nestor Basterretxearen eskulturarik ez genuke izango, ez bada zur-teknikarien lanagatik; Eduardo Chillidak ezin izango zituzkeen bere lurrak garatu, zeramika-teknikari baten eskuhartzerik gabe. Gaur egun harro sentitu gaitezke izen handiko artistak, besteak beste, Philippe Parreno, Cristina Iglesias, Miquel Barceló, Jaume Plensa eta abar Eibarko Alfa-Artera etorri direlako, beren piezak galdatzera; baina hori ezinezkoa izango zen, aldez aurretik teknikariak prestatu ez balira. Oraindik garaiz gaude gure eskuetan jaso dugun kultura-ondarea behar bezala preziatzeko, onbideratzeko eta alferrik galtzen ez uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.