ZUZENDARIARI

Dbuseko plaka

Mikel Zabalza Gogoan herri ekimena.
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko ekainaren 18an, Dbuseko Kotxetegian, Mikel Zabalza eta Angel Portugal autobus gidarien oroimenez plaka bat jarri da. Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Batzorde Ez Iraunkorraren erabakia izan da, Dbuseko Langile Batzordearen eskaerari erantzunez. Urratsak, txikiak izan arren, beti ongi etorriak izan behar dira, eta, Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenaren aldetik, ongi ikusten dugu orain dela bi urte Udal Batzordeari proposatutako 14 puntuetatik bati, bi urte geroago, nolabait bide ematea. Onartu behar dugu, era berean, gure poza are handiagoa izango zela Udalak horrelako urratsak lantzeko garaian Mikel Zabalza Herri Ekimenari edota Mikel Zabalzaren familia berari parte hartzeko aukera eskaini izan balie. Edo iritzia galdetu gutxienez.

Donostiako Udal Batzarrak, 2016ko azaroaren 26an, 1985an onartutako beste mozioari segida emanez, ondoko mozioa onartu zuen: «Donostiako bizilaguna eta Donostiako Tranbia Konpainiako langile zen Mikel Zabalza atxilotu zuteneko eta hilik agertu zeneko 30. urteurrena den honetan, Donostiako Udalak bere konpromisoa berresten du, 1985eko abenduaren 6an Udalak onartutako mozioan jasotzen denaren haritik, bere heriotza eragin zuten gertaeren argipenean laguntzeko, eta Egia eta Justizia ezartzen, bere memoria sustatzen, biktima gisa onartua izan dadin eragiten eta Mikel Zabalzari eta bere senideei dagokien erreparazioa eskaintzen parte aktibo izateko, beste erakundeekin, dBuseko langileekin eta Herri Ekimenekin batera, dauden edota sortu beharko liratekeen Giza Eskubideetako eremuko organo egokietan parte hartuz».

2016ko apirilaren 7an, Plataformak eskatuta, ekimeneko ordezkariak eta Mikel Zabalza eta Intxaurrondotik pasatu ondoren kalte larriak pairatzen segitzen duen Idoia Aierberen senideak, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean hartuak izan ziren. Bertan, eskaera zehatzen idatzi bat aurkeztu genuen. Bi urte pasatu dira.

Gerora esandakoa berretsi nahi dugu orain: Benetako konpromisoa ikusi nahi dugu. Torturapean ez ezkutatu hau, hildako Mikel Zabalzaren inguruan Egia, Justizia, Aitortza, Oroimena landu behar dira, elkarlanean, Altzako Herri Ekimena, DBUSeko langileak eta batez ere familiaren parte hartzea bermatuz.

Mikel Zabalzarentzat batzorde berezi bat sortuko al da? Idoia Aierberentzat babes eta laguntza ekonomiko, juridiko eta psikologikoa izango al da? Udal zerbitzu juridikoekin eta familiaren abokatuekin batera, balizko ekimen judizial berriak aztertuko al dira? Mikel eta bere lagunen aitortza eta erreparazioa non geratzen dira? Altzan, «Mikelen txokoa» sortzeko aukerarik izango al da?... Holako galderek udalaren aldetik oraindik erantzun bat itxoiten dute. Mikel Zabalza Donostiako Udal Langilea baitzen.

33 urte itxoin behar izan dugu oroigarri plaka bat ikusteko. Estatuaren ardura ezabatzen duen mezuaz. Hauxe al da Donostiako Udalak Mikel eta bere senideentzat eskaintzen duen erreparazioa? Balantze makala iruditzen zaigu, konpromiso motelaren seinale. Hitzak bai, ekintza gutxi, elkarlana batere ez.

Aurrerapauso nahasi bat ez dadila erabilgarria izan Donostiako Udalak izan behar duen eta onartu zuen jarrera proaktibo eza estaltzeko. Konpromiso osoak behar dira, bestela itxurakeria bihurtzen dira, eta ez da hori eskatu zaiona, ezta mozioan onartu zuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.