ZUZENDARIARI

Buruaz ere, beste

Oñati
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Gogoan ditut Goenaga zenaren ikastolako klaseak. Fisika arazoak konpontzen hasi aurretik, erreferentzia puntu egokia aukeratzearen garrantzia azpimarratzen zigun klarionaz arbel berdean. Erreferentziari arretarik eskaini gabe, errealitatea oker interpretatzeko arriskua baitugu.

Frantziapean daudenek Pirinioetara begira dituzte etxeetako leihoak. Españapekooi ez digu, baina, erreferentzia horrek balio, argia maite badugu bederen. Leihoen arazoa konpontzeko, erreferentzia egokia eguzkia da, argi iturri bera izanda.

Zein ikuspuntutatik konpontzen ditugu bizitzan sortzen dizkiguten eta sortzen ditugun arazoak? Neuretik? Zeuretik? Geuretik? Haienetik? Konpontzen al ditugu, zinez? Ai ene... nago sarri haienetik konpontzen saiatzen garela, aienaka entzuten baititut barruak, sufrimenduz.

Fisikatik psikologiara egin dugu salto, gorputzez baino, gogoz ari garelarik. Euskaldunok, non dugu erreferentzia puntua? Ohiko ditugun lelo gutxi batzuei arreta ipini, eta ia ezer ondorioztatzerik daukagun.

Kooperatibetan, adibidez, giza baliabideak terminoa erabiltzean... norentzako dira baliabide enpresako jabe direnak?

Kooperatiba mundutik atera gabe, geure kutxak zera dio marketinean: «bada beste modu bat, bere/geure izaera azpimarratzeko, beste erabiliz». Badirudi leloa ez dugula geuk esaten, arrotz batek baino, zeren eta arrotz horrek jada badu bere modua; gurea, beste.

Etxe berean Euskaraz ere, naturaltasunez leloa irakurri dut bulegoko mahaigainean. Ere horren itzalean, baina, espainola entzuten eta irakurtzen dut. Euskaraz, ez beti. Aukerakoa baita, ere horrek garbiro erakusten digun bezala. Irudikatzen horrelakorik, espainolez ala frantsesez?

Abertzaleok, separatista omen. Gu, separatistak, zazpitan zatikatuak batu beharrean garenean? Haiendako izango gara separatista.

Bildu nahi omen gaituen alderdia, Bagoaz! lemarekin. Nora, baina, hemengoak gara eta? Madrileko kongresura? Nork joan behar du nondik? Gure lurra hau da.

Beste, ere, separatista, bagoazeta antzekoz beteriko hamaika esaldi eta topikok adierazten digute erreferentzia ez daukagula geuregan, gure menperatzaileengan baino. Eurak garelako, mentalki. Geure buruaren menperatzaile. Eguzkitzat dauzkagu arrotzak, eta haiei so itsututa gabiltza, eguzki minez.

Anarik dioen bezala, buruaz beste... buruaz beste bat egin beharrean gara

Erreferentzia puntua aldatu. Nortasuna dugu geure arazoak konpontzeko erreferentzia punturik aproposena. Geuretik sentitu, geuk pentsatu, eta geuretzako egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.