Itzultzaile-interpretea

Buruan ematen ari zaizkigu

Ekaitz Bergaretxe
2025eko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizean masajistarenera joan naiz. Badaramat hilabetea Kanboko osasun-zentrora joaten, baina gaur zartatu zait egia gordina aurpegira, frantses bati esker.

Irudika dezaket gizajoa, artatzailearen zain dagoela, bere begi aspertuak horman itsatsitako iragarkiak azaletik begiratzen. Denak, bat izan ezik, frantses hutsean. Ez zuen gehiagorik behar takikardian sartzeko. Bik bolaluma zorrotik atera du keinu bizkor eta indartsuz tiro-sorta jaurtitzeko: ta, ta, ta, ta… hogei tiro! «Réservé aux Basques???».

Egongelan sartu eta hogei bala-zulo ikusi ditut haurrentzako yoga eta dantza tailerrak euskaraz eskaintzen dituen afixa bakarrean. Aurrez ez nuen ikusi; berria da. Atera dut luma, bihotzekoa eman diezaiokeelako arriskua onartuta: «T’as qu’à apprendre! Tout le reste est réservé aux français??» (Aski duk/dun ikastea! Beste guztia frantsesei erreserbatua al da??).

45 minutuko masaje eta ariketa saioaren ostean tentsioa jaitsi zait eta burua argitu. Egongela hartatik igaro naizen guztietan erdararen hegemonia zapaltzaileak ez zuen ene baitan tiroketaren efektu bera izan. Marianneren eraso gupidagabeak argiro gogorarazi dit herri kolonizatuan gutxitu izatetik deus ez edo frantses edo espainol izaterako maldan behera gabiltzala; balen kontrako txalekoa ez dela nahikoa, buruan ematen ari zaizkigu eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.