Administrazioan Euskaraz Taldea

Burlatan profil elebidunari eutsi dio Berdintasun teknikariak

2025eko martxoaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Dilindan egon da profil elebiduna Burlatako Udaleko Berdintasun teknikariaren lanpostuan. Izan ere, Nafarroako Administrazio Auzitegian errekurtso bat jarri zuten lanpostu horren profil elebidunaren aurka.

Auzitegi horrek, 2025eko otsailaren 7an emandako 292 zenbakiko ebazpenean, erabaki du legezkoa dela Berdintasun teknikariaren lanpostuaren profil elebiduna. Lanpostuaren funtzioak aztertuta, ondorioztatu du lanpostuak baduela herritarrekiko harremana. Ez da beharrezkoa leihatila batean jendearekin zuzeneko harremanean zortzi orduz egotea, ondorioztatzeko baduela harremana jendearekin. Emakumeen elkarteekiko edo feministekiko harremana ere sartzen da jendearekiko harremanaren definizioan.

Helegiteak adierazten du Burlatan herritar euskaldunak soilik %13 direla. Nafarroako Administrazio Auzitegiak dio %13 Burlatan 2.711 pertsona direla. Berdintasuneko Departamentuan, zerbitzu administratiborik gabe, langile bakarra bera dela erantsi du.

Antsoaingo Udaleko Berdintasun teknikariaren auzian Administrazio Auziekiko Iruñeko Epaitegiak ere hala ikusi duela azpimarratu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak.

Antsoainen Berdintasuneko teknikariaren euskarazko profila B2 zen. Burlatan C1 maila ezarrita dago. Helegitean ez zen euskarazko maila auzitan jartzen, nahitaezkotasuna baizik. Hala ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ontzat jo du C1 maila eskatzea, informazioa ahoz eta idatziz eman behar baitu.

Beraz, Burlatako Udalak, plaza behin betiko betetzeko egin beharko duen deialdian, euskarazko C1 maila eskatu beharko du. Poztekoa da behingoz irizpide euskarafobiko bati men egin ez izana. Irizpide juridikoa nagusitu da ebazpen honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.