ZUZENDARIARI

Bukatu da Korrika

Urruña.
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Bai, bukatu da korrika edo la korrika, 21. edizioa, orain hurrengo edizioaren zain geratuko gara, nahiz eta, egia da, laster etorriko diren urteroko Herri Urrats, Ibilaldia eta enparauak, Euskaraldia ahantzi gabe noski!

Zenbat denbora segitu beharko dugu horrelako ekimenekin bat egiten, gure hizkuntza nazionalari atxikimendua adierazi nahian, basoa erdi bete edo erdi hutsik dagoela konstatatzen, oraindik bidea geratzen zaigula helburura heltzeko aitortzen? Hori bai, ilusioz beterik, ekimen hauek sortzen diguten zirrara lau haizetara zabaltzen, nola ez!

Baina helburua, ba al dakigu benetan zein den helburua?

Helburua, gizarte elebidun bat sortzea al da? Bide batez, plurala, noski! Kontuan harturik gure lurraldean mintzatzen diren hainbat hizkuntza, gure tolerantzia eta aberasgarritasunaren seinale, bai horixe!

Noiz arte segitu beharko dugu entzuten eta irakurtzen, adibidez, EITBk «era pedagogikoan jardungo duela euskararen erabilera eta gizarte elebidunaren normalizazioa sustatzen»?

Non daude Euskal Herriko soziolinguista burutsu horiek denak, non Kontseilua, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazioa eta abar luze bat gizarte elebidun baten teoria iruzur hutsa dela salatzeko? Jakinik, bitartean, diglosia indartzen eta areagotzen ari dela, euskara Euskal Herrian bigarren mailan mantenduz, adornuzko hizkuntza bat bilakatuz, ez baita beharrezkoa bertan bizitzeko.

Helburua, aldiz, hainbatetan aldarrikatzen dugun legez, euskara berreskuratzea, biziberritzea, normalizatzea baldin bada, has gaitezen, behingoz, hori lortzeko behar diren jarrerak, ohiturak, baliabideak gauzatzen, hizkuntza planifikazio serio eta taxuzko bat eratuz, eta bide batez, hain ezereztuta dugun euskal kontzientzia suspertuz, norberaren burua euskalduntzat aitortuz hitzez eta ekintzez.

Hainbat eta hainbat Korrikazaleen artean zenbat egongo ginateke prest hemendik aurrera erabaki sinple bezain egingarri hauek hartzeko:

·Kalean, administrazioko leihatiletan, dendetan lehen hitza euskaraz egitea.

·Euskaraz hasitako elkarrizketa euskaraz burutzea.

·Telefonoko erantzungailuaren mezua euskaraz grabatzea.

·Norbereen abizenen espainol eta frantses grafia euskaratzea.

·EITBko kazetariek espainolez erantzuteko proposatzen digutenean uko egitea...?

Korrika ez da bukatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.