ZUZENDARIARI

Borrokaren arima eta gorputza

Joxemari Carrere.
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Zeren esperoan dago/ gure Herria?/ nondik etorriko zaio/ argi berria?Nola kenduko zaio lepotik/ uztarria?/Noiz onartu behar du/ etorkizun gorria? Arestiren olerkia, Oskorrik musikatua, hamaika aldiz abestuko zuen Mikel gure burkideak. Gustukoa zuelako abestea, gustukoa Aresti, gustukoa Oskorri, baina, batez ere, gustukoa zuelako eta amets egiten zuelako Euskal Herriarentzat zein munduarentzat etorkizun gorri eta koloretsua. Mikel Martin Conde joan zaigu eta Alternatibako kideok krak bat sentitu dugu.

Gazterik hasi zen militantzia komunistan EMKn, gero etorri ziren Zutik, Gorripidea eta Alternatiba; baina izena aldatu arren militantziaren izanaren koherentzia mantendu zuen azken hatsera arte. Mundu hobeago baten alde, injustizia guztien kontra; munduan diren askatasun borroka guztiekin bat eginez; euskalduntze bidean; presoak gogoan; faxismoa borrokatuz; LGTBI borrokaren arima eta gorputza, hori guztia zen Mikel. Ez zuenulertzen bizitza gorria ez bazen. Gorria elkartasunaren kolorea, askatasunarena, elkar zaintzearena, mundu justu batena.

Alternatiban krak bat sentitu dugu gure burkidearen galerarekin, eta egin diezaiogun omenaldirik sutsuena eta maiteena, berak altxatzen zituen bandera guztiak airean mantenduz. Askatasun haizean. Mikel Martin Conde gure kamarada zen eta ez dugu ahaztuko.

Egun batean/ eztu inork/ ezer erosiko;/ egun batean/ ezta merkatuetan/ sagarrik/ salduko./ Egunen batean/ guztiok/ izanen gara/ zoriontsuak. (G. Aresti).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.