Aurten Israel Premier Tech txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hau Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan harreman ekonomikoak, diplomatikoak zein propagandistikoak (kasu honetan bezala). Baina horrelako albisteak ez dira ezerezetik jasotzen: borroka eta konpromiso prozesuak beharrezkoak dira gertatu daitezen.
Lasterketaren hainbat ediziotan normaltasun osoz parte hartu ondoren, iaz, palestinar herriaren aurkako genozidio basatiaren testuinguruan, Lizarra Harrera Hiria kolektiboak problematizatu egin zuen Israel zilegitzeko balio duen talde honek eskualdeko lasterketa ezagunean parte hartzea.
2024ko azaroan, Palestinarekin Elkartasuna plataforma eta Harrera Hiria elkartea saiatu ginen gaia jorratzeko bilera bat egiten Lizarra TE txirrindularitza klubarekin, haiek antolatzen baitute lasterketa. Klubaren aldetik ez zen elkartzeko borondaterik egon, eta urtarrilean plataformak kanpaina bat abiatu zuen Lizarrako txirrindularitzan sionistak presente egotearen aurka. Hainbat ekintzaren artean, gure eskualdeko txirrindularitza munduko pertsonen sinadurak jaso genituen Israel Premier Tech Lizarraldera etortzearen kontra.
Hainbat hilabetetako kanpainan zehar, klubak informazio anbiguoa baino ez digu eman. Azkenik baieztatu ahal izan dugu aurtengo edizioan Israel Premier Tech taldea ez dela Lizarrara etorriko. Informazio hau Lizarrako Udalaren osoko bilkuran jaso genuen lehenik (lasterketarentzako diru-laguntza onartu zenean), eta, bigarrenik, lasterketaren aurkezpen ofizialean.
Argi dugu arrakasta txiki hau kaletik egindako lanari esker izan dela. Eragile ezberdinek (instituzioek, enpresek eta abar) sionismoarekin harremanak hausteko benetako borondaterik ez dutenez, honelako gertaerek erakusten digute jarraitu beharreko bidea. Azkenik, espero dugu Israel ez dela berriro etorriko Lizarrako kirol ekitaldietara. Baina esperantzak ez du itsua izan behar, eta erne egongo gara. Israel, ez aurten, ez inoiz gehiago.