Duela gutxi, Joxe Manuel Odriozolari egindako elkarrizketa biziki interesgarria argitaratu zen BERRIA egunkari honetan, Nazionalismoaren alde eta aurka izendatu duen liburua aurkezten duelarik.
Neu funtsean txit ados nago gure altzotarraren gogoetarekin, baina zenbait hari-mutur ekarri gura nituzke hona.
Lehenbizi, kontzeptu mailan, nazionalismoa kontzeptua bera.
Hitz hori berria da, oraintsukoa esango nuke, ezen gure arbasoek ez baitzuten adjektibo hori erabiltzen, baizik eta bizkaitarra. Gu bizkaitarrak ginen sinpleki, ez nazionalista ez mokordo. Ez zen, noski, Bizkaia eskualdekoak ginelako, baizik Bizkaia Golkokoak (Itsasgorrietakoak, Leheren Sugearen domeinukoak).
Nazionalismoa hitza alboratuz gero, abantailak baino ez datozkigu, ezen gu bizkaitarrak baikara, bere zentzu jatorrenean.
Baina gatozen harira. Euskal Herrian «nazio arazoa» da larriena, ezen ez «estatu arazoa», diosku Joxe Manuelek, gure «gizon elektrikoak» (halaxe deitzen genion guk AEKn, berak ere gogoan izango duenez).
Baina guk ez daukagu honezkero arazorik, ezta? Gu bizkaitarrak garen heinean, espainolak espainol dirateke, independientes, bat bera ta bakar edo con vocación en lo universal, hasta donde se pone el sol... edota ea zer izan gura duten beraiek... hor konpon Mari Anton (allá cuidaos). Guk, euskaldunok, aski eta haboro daukagu-eta geurearekin.
Gure gogoetak izan beharko luke «kolonialismorik» ez dugula nahi, ez kanpokorik, ezta, are gutxiago oraindik, barnekorik, barne-kolonialismorik. At kolonialismoa: ez kanpotiko, ez barnetikorik (hots, autokolonialismorik). Ezelakorik ere ez.
Eta bide batez, autopropaganda pixka bat eginez, Gure nortasuna eta Iraultza deritzan ene liburua aurkeztera natorkizue (Identidad vasca y Revolución).