Badira aztarna uzten duten pertsonak, gugan arrasto bat uzten dutenak bizitzan egindakoagatik. Gero, badira Aitor Etxarte bezalakoak, euren ekintzak direla medio, aztarna beharrean, zuloak uzten dituztenak, sakonak, hutsune erraldoiak. Eskuzabala, kritikoa, proaktiboa, zorrotza, euskaltzalea eta langile porrokatua zen, besteak beste.
Pertsona guztien agurrarekin gertatzen den bezala, familian eta lagun hurbilenen artean sortzen da zalantzarik gabe galerarik handiena. Aitor bezalakoek, ordea, horrenbesteko ekimenez eta energiaz dihardutenek, euren jardun emankorrak ereindako hainbat ekimen ere umezurtz uzten dituzte. Bere semeak zioen bezala, hamaika iraultza txikitan sartuta egon da bizitza guztian zehar, aurrekoak utzi gabe etengabe berrietan sartuz. Iraultza lasaiak, eztabaidan eta errespetuan oinarrituak, hausnarketatik jaioak, baina sendo bezain emankorrak.
Nik iraultza txiki (handi) horietako batean, Udal Ikastolan, ikasi arren, ez nuen bere ikasle izateko aukerarik izan, baina etorkizunak oparia zidan gordea. NIZEn, Nafarroako Irakaskuntza Mahaian eta Eskola Kontseiluan izan nuen berarekin lankidetzarako aukera (berak irakatsi zidan marroigintza hitzaren esanahia) eta bere izaera dela medio, esparru profesionalean nigan izugarrizko eragina izateaz gain, ez da makala maila pertsonalean utzitako aztarna, ezagutzeko zortea izan duzuenei gertatuko zitzaizuen bezala, ziur aski.
Irakurtzea plazera izateaz gain, batzuetan gaitza ere bazuela esaten zuen. Oso pertsona jantzia zen hainbat gaitan. Guztiak izendatzea zaila litzateke. Erraza zen intelektualki txiki sentitzea bere ondoan, baina berak, beti bezain elegante, irakasle bikainak lez, egoera zuzentzen zuen, beti lortzen baitzuen ondokoa handiagoa egitea, bere jarrera eskuzabal eta enpatikoari esker. 24 orduz zen irakasle, ikasleekin eta baita bere inguruko helduekin ere, edonorentzat baitzuen irakaspen baliotsuren bat gordeta. Horrelakoa zen, errepikaezina.
Paulo Freirek zioen bezala, «hezkuntza maitasun-ekintza bat da; beraz, ausardia ekintza bat».
Agur, Aitor, zuk zenioen bezala, kaixo zein agur esateko eta eskerrik asko zeure maitasun, ausardia, adore eta ekimenagatik. Kulturari utzi zenion azken opariaren amaieran, Euskalerria Irratian Uxue Alberdiren liburuaren kritikarako aukeratu zenuen azken abestiak zioen bezala, «bizitza zein laburra den.. zure eredua bide da, izar dirdiratsu bat». Hutsune handia uzten duzu euskal kulturan, euskalgintzan eta zer esanik ez, hezkuntzan. Niretzat betirako ereDu.
Ikusi arte.
ZUZENDARIARI
Bizitza zein laburra den
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu