Gobernuz kanpoko erakundeak eta mugimendu sozialak denbora daramagu gaur eguneko merkataritza sistema salatzen, eta etikoa eta bidezkoa den merkataritza eredu baten alde egiten. Gure eguneroko bizitzan hori guztia gutxiago eta hobeto kontsumitzean islatu daiteke; zentzuz kontsumitzean hain zuzen ere. Beste batzuen artean, hori lortzeko bide bat bidezko merkataritza da, zeinek haurren esplotazioari uko egiten dion, bertako ekoizleentzat lan eskubide duinak bermatzen dituen eta ingurugiroa errespetatzen duen.
Komunikabideetan maiz entzun edo irakurtzen ditugu «merkataritza askerako akordioak», «dumping» edo «behartutako liberalizazioa» gisako kontzeptuak. Horiek ez dira hitz ulerterrezak, baina bai, ordea, garrantzitsuak, batez ere aberasturiko Iparra eta pobreturiko Hegoa osatzen duten herrialdeen arteko desberdintasunak areagotzen dituztelako. Izan ere, Iparreko herrialdeek markatzen dituzte —edo agian «inposatzen dituzte» esan beharko genuke— gaur egun merkataritza arauak, lehiakortasuna bultzatu eta irabaziak nola edo hala handitu behar direla argudiatuz. Horrek, hain zuzen ere, Hegoari lehengai eta eskulan merkearen iturri izatera behartzen dio.
Horregatik, Zero Pobrezia Plataformatik deialdia egiten dugu gizarteak bidezko merkataritza bultza dezan. Horretarako aukera izango da larunbat honetan, Donostiako Gipuzkoa plazan burutuko den Bidezko Merkataritzaren Egunaren ospakizunean.
Zuzendariari
Bidezko merkataritza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu