Zuzendariari

Beste eredu baten alde, kontra-bilkura

Donostiako Zero Pobrezia Plataforma.
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Ekainaren 18 eta 19an G20koaren Bilkura berri bat ospatzen da Mexikon. Bertan, Europar Batasuna eta munduko 19 estatu boteretsuenen gobernu-buruak elkartuko dira. Estatu horien artean ez dago giza garapen indize baxuena duten 50etatik ezta bat ere, eta afrikar kontinentea osatzen duten 54etatik soilik bakarra. Hala ere, hara doazen estatuburuek, kultura demokratiko itzela dutela erakutsiz, gure planeta osatzen duten gainontzeko estatuen gain eta nazioarteko sistema ekonomikoari buruz eurek nahi dituzten erabakiak hartuko dituzte.

Gipuzkoako eremu askotako hainbat kolektibok antidemokratikoa eta bidegabekoa den Bilkura honi aurpegia eman, eta eredu eta krisi honi alternatibak proposatzea erabaki dugu. Horretarako, Kontra-Bilkura bat antolatu dugu Donostian ekainaren 17tik aurrera, Eredu sozial alternatibo baten aldeko Gipuzkoako I. topagunea izenekoa. Gure helburua mahai gainean, zuhaitz berri bat ureztatzeko hiritarrak balia ditzaketen tresna praktiko eta zuzenak jartzea da: beste balio batzuetan errotutako gizarte baten zuhaitza, alegia.

Donostiako Zero Pobrezia Plataformakook jendea animatu nahi dugu zuhaitz berri hori ureztatzen parte har dezan eta Donostiako Bulebarrean eta alde zaharrean igandetik ostiralera egingo diren ekintzetara gerturatu dadin. Ekimenen inguruko informazio gehiago blog honetan aurkitu daiteke: http://ekainekojarduna.ourproject.org/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.