ZUZENDARIARI
Bertsoak gazteleraz
Donostia Kultur Hiribuaren inguruan bizi izandako gertakizun bat salatu nahi dut. DSS2016.EU deritzanaren testuinguruan, Durangotik Otxandiorako ibilaldia egin zen, joandako maiatzaren lehenean. Ibilaldian zehar, kultur ekintza batzuk antolatu zituzten, eta, horien artean, Urkiolako santutegiaren inguruetan bertsolari saio bi. Lehenengoan, bertsolaria, bertsoak bota ondoren, bertsoak gaztelera hutsean botatzen hasi zen, berton geunden gehienon harrigarri. Bigarren saioan gauza bera gertatu zenez, bertsolariarengana jo genuen, eta, esan zigunez, antolatzaileek hala behartuta bota zituen gazteleraz bere bertsoak. Laster hurbildu zitzaigun antolatzaileetako bat, eta esan zigun Bizkaian bertsoak gazteleraz ere botatzen dituela. (?)Ez genuen halako «adierazpenik» onartu, eta berton geunden euskaldun batzuk ozenki protestaka hasi ginen, eta denetarik entzun behar izan genuen, «intransigenteak» ginela eta «mentalitate estuak» gainditu beharko genituela «gomendioka». Gogoan ditugu Amurizak Euskal Herrian Euskaraz bere kanta ederrean dioena: «Hizkuntza gabe esadazue nola irtengo naizen plazara». Tamalez, badirudi Amuriza oker zebilela; antza denez, bertsolariak izango baitu aurrerakoan bere bertsoak beste edozein hizkuntzatan botatzeko aukera! Lerro hauetatik, BERRIAren bidez, gure hizkuntzaren aurkako beste eraso baten berri salatu nahi dugu, batez ere «Donostia Europako Kultur Hiriburua»ren eskutik datorrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu