ZUZENDARIARI

Bertako erreferendumez

Ingeniaria.
2016ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Frantziako politikari eta herritar askoren artean erreakzio desberdinak ondorioztatu ditu François Hollande presidenteak hain polemikoa den Notre-Dames-des-Landes (NDDL) aireportuari buruz erreferendum baten egin nahi izateak. Benetako demokrazia maite duen estatu batean poza baino ez luke ekarri beharko gobernuak erreferendum baten egin nahi izateak.

Beti bezala, proiektu erraldoi batek herritar guztien onarpena ez du eragiten. Hori ikusten ari gara urte hauetan Sirvensgo aintziraren kasuan, eta ikusia dugu Larzac-eko gune militarraren kasuan (1972) eta Golfech-eko (Gaskoinian) gune nuklearraren arazoa zela-eta (1995). 1983. urtez geroztik indarrean dauden ingurumenaren legeen arabera, edozein proiekturi lotu behar zaio ingurumenari buruzko ikerketa berezi bat, zeinaren arabera inguru naturala eta gizartezkoa deskribiturik, horri egindako kalteak aztertu ondoren, konpontzeko neurriak eta ekintzak proposatu eta abian jartzen baitira. Baserritarrek lurrak galtzea eta gaur denboretan sektore horrek nozitzen ari denaz ohartuta, lurra galdu ondoren gizartean lanpostu dezente baten atzematea gauza zaila dela konturatuz gero, NDDL aireportuaren kasuan bertakoen etorkizunaz batek baino gehiagok izugarrizko kezkak nabari ditzake. Aireportuaren aurkakoek diotenez, azterketa hori gaizki eginik dago. Eta askotan interes ekonomikoak eta estatuen arazoak herriaren borondatearen gainetik bide ezkutatu batez jartzen direnez, ez litzateke harrigarria bertakoen etorkizunaz gobernua ez kezkatu izana.

Erreferendum horren oztopatzen duen beste arazoa zein mailatan egin behar den datza: eskualdearen mailan, departamentuarenean, bailarenean ala sinpleki udalarenean? Hain eraginkorra izanen ez den aireportu horren aldekoen kopurua distantziatik doa segurik: zenbat-eta aireportutik urrunago, hainbat jende gehiago horren alde. Bertako erreferendum bat egitekotan horren hurbilen bizi den jendeak parte hartu beharko luke, berauek baitira kalteak nozituko direnak. Horregatik udalaren mailan egin behar delakoan nago, bestela demokraziari iruzur handia litzateke.

Erreferendumaren egitea gauza ona izanen da, baina askoz garrantzitsuago izanen da gobernuak emaitzaren baliatu eta onartzea. Golfech-eko zentral nuklearra zabaltzearen kasuan, bertakoek kontra bozkatu zuten arren, eraikuntza egin zuen gobernuak, erreferenduma bera konstituzioaren aurka zelakoan. Baina antikonstituzionaltasun hori ez zuten erreferenduma egin baino lehenago aipatu. Gauza bera gertatu zen Trebiñu Araban sartzeari buruzko kontsulta egin zutelarik.

Bertako erreferendumak edo kontsultak jendeek nahi dutenaren isla da eta edozein gobernu demokratikoak zentralismoaren gehiegikeriak utzi beharko lituzke herriak hauta dezan baimentzeko. Bestetik herriak bere botoa emanez, parte hartzaile izan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.