Gaur goizean, zapatilak janzten nenbilela, eskuinekoak urratu bat duela ikusi dut. Berriak erosi beharko nituzkeela pentsatzen jarrita, «umea zapatila berriekin baino pozago» esaera etorri zait gogora. Ba niri zapatila berriak musteak ez dit poztasun berezirik ematen. Are gehiago, nahiago ditut zaharrak, oinetara egokiturikoak, egunerokoak.
Ukaezina da, ordea, berriak gizartean daukan estatusa. Burura datorkit aurreko lana utzi eta munduko lan onenean kontratatu berri duten laguna... hirugarrenez azken urte eta erdian. Beste kultura bat oporretan bisitatu (kultura berria turistarentzat, tokikoentzat egunerokoa) eta bertako bizitzeko era goraipatu baino egiten ez duena. Udalekuetan lagun berriak egin eta konexio magikoen bidez, inoiz betiko lagunekin sentitu dena baino ulertuago sentitzen dena.
Berritasuna estimulu bortitza da eta emozio indartsuak eragiten ditu, berri izateari uzten dion arte behintzat. Nobedadea eta luzarokoa kontrajarriak dira definizioz. Beraz, ez izan presarik zapatila zaharrak botatzeko, agian berriak ez baitira izango pentsatu bezain erosoak. Denborak erakutsi ohi baitu berriak berria izate hutsa baino balio gehiagorik duen.