BERRIAko kritikariari (irrati-kritikak egiten dituen kritikariari, zehazki), ez zaizkio Radio Euskadiko nire zutabeak gustatzen. Edo beharbada bai, beharbada hainbat alderdi gustuko ditu, baina, horiek ez ditu sekula santan aipatzen. Gustatzen ez zaion hori aipatzen du, nire lana aintzat hartzen duenetan.
Tira, Jabier Muguruza v-z idazten duen kritikariari ez zaio gustatzen, konkretuki, euskal mundutik hainbat kontu jaso eta —lehenik euskaraz eta gero gaztelaniaz— nire zutabean ematea. Iruditzen zaio, nonbait, modu horretara, entzule erdalduna erosoegi sentituko dela eta ez dela animatuko euskara ikastera. Euskara hutsez eman beharko nituzke testigantza horiek, haren iritziz, programa gaztelaniaz izan arren, entzule askok ulertuko ez luketen arren. Ez dakit, baliteke planteatzen duen taktika hori onuragarria izatea. Nire ikuspegia, hala ere, bestelakoa da: saiatzen naiz erdal entzuleari euskal kultura, gaur egun maiz hain arrotz egiten zaion kultura, gehixeago hurbiltzen —ez dakit kritikaria konturatzen den nire ahalegin horretaz, esaterako—. Konbentzituta nago erdal entzulearen erabakia bere burua euskalduntzeari buruz ez duela nire jardunak baldintzatuko, eta, bitartean, inportantea iruditzen zait euskal kultura, eta euskal mundua orokorrean, arrotza ez izatea Euskal Herrian bertan.
Hori da nire aspaldiko planteamendua, eta bide horretatik jarraituko dut aurrerantzean ere. Kezka badut, ordea: kritikariak jarraituko al du gauza bera behin eta berriz errepikatzen? Nekosoa suertatzen baita azkenerako gizonaren tema.
Zuzendariari
BERRIAko kritikaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu