Fika

Berreskurapena

Bittor Muniozguren-Arostegi
2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Negu gorria udaberriari esperantzaz begiratzen hasi da. Azken asteburu honetan izan dira herri askotan inauteriak. Aratusteak. Karnabalak. Kontinente zahar guztian zehar erritu paganoetatik jaioak, gerora kristautasunak bereganatuak eta gaur egunera arte iritsi direnak. Hein batean gutxienez. 

Urte luzeetako debekuak informazio galera eragin ohi baitu. Zenbait herritan 70eko hamarkadan abiarazi zuten inauterien berreskurapena. Oraindik testigantza zuzen askok zirauten baldintzetan. Berreskurapen lana oraintsukoagoa da ordea beste leku batzuetan. Ia ez dago lekukotasunik bizirik, eta zeharkakoak dira gehienak. Nekez jakingo dugu inoiz herri horietan aratusteetako pertsonaia berezirik izan den ere. 

Artxiboko lanak emankorrak ez direla ikusita, beste bide batzuk mahaigaineratuko dira. Izen berezirik gabe, inauterien irizpide orokorrei jarraituz, aurrera egitea. Baina gizakiak maite du sinbolismoa, maite ditu izenak, joaldunak ez dira ardinarruak eta arranak daramatzaten pertsona soilak. Orduan agertuko da iritziak bereiziko dituen proposamena: goazen pertsonaia bat asmatzera! 

Tradizio oro, are gehiago herritik sortuak direnak, aldakorrak dira izatez. Gizartearekin batera aldatzen dira. Berreskuratuek ordea ez dute urteen joan-etorriarekin aldatzeko aukerarik izan, eta, horrenbestez, bat-bateko egokitzapena behar dute. Egokitzapen hori berreskuratzeko lana egiten duenak erabakiko du, sukaldariak erabakitzen baitu gatzaren puntua. 

Baina beti egongo da tradizioaren babesle sutsuren bat, egiten den oro jasoa izan behar dela esango duena. Bada, museoetako galerietan hiltzen da herriarekin aldatzen ez den tradizioa. Beraz, kondenatuta al daude pertsonaia propio bat ez duten komunitate hauek Spiderman-en mozorroen olatuan itotzera?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.