Zuzendariari

Berehalako neurriak N-121A errepidean

Berako alkateordea.
2014ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Bertze bi pertsona eraman ditu N-121A errepideak. Oraingo honetan nire herrian bertan, lanetik etxerakoan egunero pasatzen naizen tokian. Aste berean hiru istripu izan diren lekua. Oraingo honetan, zuei egokitu zaizue, Pello eta Alberto.

Ezin dut zuen irudia burutik kendu. Oroitzen dut, Pello, zure planteamenduak defenditzeko zenuen energia. Eta zure alaitasuna eta ahotsa, Alberto, Burlatako bestetako bazkalondoan.

Errepideko toki hori gero eta sentiberagoa zait. Egunero, lanetik itzultzen naizenean, bertatik pasatzean, zuekin oroituko naiz. Eta oroituko naiz, tamalez, ez zaretela bakarrak izan toki horretan bizia galdu duzuenak. Eta oroituko dut ez dela lehenbiziko aldia Berako Udalak bide-tarte horretarako irtenbide bat eskatzen duena. Bide tarte hori izan baitzen errepide berria egiterakoan berritu ez zen bakarra.

Zuen faltak mintzen nau, Pello eta Alberto. Eta zuek gogoan zaituztedala, lanean segiko dut Nafarroako Gobernuak aditu dezan udal honek eta beratarrek egiten dugun eskaria, baldintza onetan dagoen errepidea nahi dugula. Segurtasuna eskatzen dugu. Eta abiadura eta trafikoa gutitzeko neurriak. Zergatik ez du inork eskatzen garraio publikoa areagotu dadila, autoak errepidetik ateratzeko? Zergatik ez da neurririk hartzen nazioarteko helmuga duten ibilgailu kopurua murrizteko? Zergatik ez dira kamioi horiek horretarako egindako autopistetatik bideratzen? Zergatik egiten dio entzungor Gobernuak gure eskariei?

Besarkada bana, Pello eta Alberto!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.