Irakasle garen aldetik, jakin badakigu ez dagoela hezkuntza neutrorik. Gainontzeko bizipen eta praktika sozialek bezala, hezkuntzak ere balio eta mundu ikuskera jakin batzuk transmititzen ditu. Eta, Hezkuntza Departamentuko langile garen aldetik, garbi daukagu administrazio publikoen betebeharra dela gure ikasleak hezkidetza giroan eta aukera berdintasunean heztea.
Helburu horrekin abiarazi zen Skolae programa, berdintasuna ezin delako hautazko ikasgai izan genero bereizkeria eta indarkeria matxista hain errotuak dituen gizartean. Horregatik, erabat onartezina da genero berdintasunaren alde ari diren profesionalak jomugan jartzea, eskuin-muturreko talde batzuk Nafarroako sektore atzerakoienen babesean egiten ari diren moduan.
Skolaeren aurka jarri zituzten salaketen ondorioz, hamar lagunek (programaren egileek eta bost trebatzailek) Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenean deklaratu beharko dute hilaren 14an. Zaunka ari zaizkigu. Bide onetik goazen seinale? Baliteke. Edozein modutan, erakuts ditzagun guk ere hortzak, gure irribarrerik zabalenean, hezkidetza eta bizikidetzaren alde. Erre zituzten sorginen erratzak dauzkagu, eta behar bezala astinduko ditugu, beste sorgin-ehizarik izan ez dadin. Ostiralean dugu hitzordua, goizeko 09:30ean, Nafarroako Auzitegiaren aurrean Skolaeren egile eta trebatzaileei erabateko elkartasuna adierazteko. Berdintasuna ez delako hautazkoa, aurrera hezkidetza.
ZUZENDARIARI
Berdintasuna ez da hautazkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu