ZUZENDARIARI

Beharrezkoa

Otxandio
2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Gizakia, izaki historiko bat izatearen arrazoiz daukan indar guztiaz desjabetu eta bere etorkizuna aldatzeko historia eta gaitasuna duela jakitun egon arren, otzandutako etxe-animalia egoera baten aurkitzen da. Beronen etorkizuna aldatu ahal izateko izan dezakeen borondate bakarra bere bizitza pribatuko eremura mugatu duelarik.

Arlo politikoan, historia, amaitu egin da. Herritarren ordezkari gehienek, etorkizuna, orainaren luzapenera mugatu nahi dute.

Azken hamarkadetako gertakariak testuinguru ezberdinetan kokatzeko zenbait politikarik egindako ahaleginek, esaterako, gure emozioak bildu eta era distortsionatu baten emozio horiek herritarroi birsaltzea dute helburu. Horrela, bada, batzuentzat naziek Gernika suntsitzean euskal abertzaletasuna erasotzeaz gain, Espainia osoari ere eraso zioten. Edota duela gutxi, Pegasus espioitza kasuak desestali bezala, hasiera baten katalan zein euskal ordezkari batzuen aurkako eraso bat izatetik, espainiar estatuburuen aurkako eraso bat izatera igaro da.

Euskal Herriak beste patu bat merezi du. Izan ere, Espainiako estatua monarkiaren egituretan dago oinarrituta. Ondorioz,baita mendeko oinarrietan ere. Bere anakronismoa agerikoa da. Ondarean zimendatzen da, ez lorpenetan. Posizioak trukatzeko aukera badago, baina egitura betiere osorik mantentzen da.

Bestalde, politikari eta historialari gehienek uko egiten diote Espainiak eta Frantziak gu moldatzeko egiten duten ahalegina bai eta duten ahalmena aitortzeari ere. Ahalmen eta ahalegin hori aitortzen ez duten bitartean, elkarrizketa politikoa mutilatua egongo da. Betiere premisa faltsuetan aurrera eramango da.

Astindu ditzagun bakarkako amets horiek, norbanakoen lorpenetan oinarrituta, egungo egitura sozialean mugikortasuna izateko aukeretara mugatzen diren ametsak. Biharko Euskal errepublikan eguzkiak guztiontzat berdin argitu beharko duela amesten dugunean, gehiago eskatzen zaigu. Utopia beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.