Duela gutxi, asteburu berean, Ertzaintzak bi salaketa jaso ditu: lehenengoa, emakume kolonbiar batena; lekukoen arabera, ertzainak kolpeka jarraitu zuen lurrera bota ondoren eta konorterik gabe zegoela; ospitalean garuneko edema eta paralisi partziala diagnostikatu zizkioten. Orain, Ertzaintzak barne-ikerketa bat abiarazi du gertatutakoari buruz, eta hori beste batzuetan ere egin du, hala nola ertzain batek gizon bati Irunen egindako erasoan edo Eneko Valdesi eragindako heriotzan, agerraldi psikotiko bat izan eta Bizkor taldeko Ertzaintzako kideek mendean hartu ostean.
Esan beharrik ez dago Ertzaintzaren barne-ikerketa berri honek, beste batzuetan bezala, ez duela justizia egiteko balioko.
Ertzaintzaren barne-ikerketek asko balio ez badute ere, nik uste dut epaitegian ere ez direla gauzak ondo egiten, eta horren froga dira, besteak beste, Xuban Nafarrateren, Iñigo Cabacasen eta Rosa Zarraren kasuak.
Bigarren kasua Gasteizen gertatu da. Antza denez, futbol-txapelketa bat antolatu zen sare sozialen bidez. Torneoaren une jakin batean dozenaka ertzain agertu ziren, eta lekukoen arabera, modu txarrean identifikatu zituzten bertan bildutako batzuk, eta giro txarra sortu. Gero polizia dispositiboa ustezko gaizkile arriskutsuekin justifikatzen badute ere, niretzat onartezina da jendeari tratu txarrak ematea.
Bestalde, idazki hau bidaltzear nagoenean enteratu naiz Ertzaintzak Gasteizen berriro kargatu duela martxoaren 3an jazo ziren gertakarien inguruko justizia eskaeraren aurka. Beraz, jarduera horrek, niretzat behintzat, idatzian esan dudan guztia berresten du.
Orduan, puntu honetara iritsita, pare bat gogoeta ditut. Lehenengoa, gizartea antolatzeko eredua aldatu gabe: posible al da pertsonak duintasunez tratatuko dituen Polizia bat izatea? Nik, zalantza asko baditut ere, baietz uste dut. Baina, era berean, eta hor doa bigarren gogoeta, uste dut epe luzera polizia-jarduera egoki bat bermatzen duen gauza bakarra gizarte-eredua aldatzea dela, besteak beste bide emateko justizia demokratizatuko duen bestelako antolaketa-egitura bati.