Gizarteak aurrera egin du historian zehar? Galdera absurdoa dirudi. Noski egin dugula aurrera! Egun kotxe automatikoak eta etxe inteligenteak ditugu. Sukaldean aritzeko robotak, entzungailu inalanbrikoak… Are gehiago, esan daiteke teknologia eskutik joan zaigula, ezen gure ordez pentsatzen duen tresna (seguruenik etorkizunean arazoak emango dizkiguna) asmatu dugu, izan ere: adimen artifiziala.
Beraz, teknologikoki, aurrerapena ukaezina da. Baina zientziak aurrera egitea denboran zehar nahitaezkoa da. Ezin daiteke ezagunaren gainean atzeraka egin. Hortaz, goazen mundu subjektibora, politikaren eta moralaren esparrura, hain zuzen. Nagusitu al gara ideologikoki gizakiok?
Gizartea hainbat erregimenen pean egon da historian zehar, batzuk besteak baino aurrerakoiagoak. Gizarte-antolaketa batetik besterako trantsizioa, hala eta guztiz ere, ez da beti onuragarria izan. Adibidez, Antzinako Erregimenetik (absolutismotik eta feudalismotik) Erregimen Liberalera (demokraziara) pasatzea aurrerapen bat izan zen. Aldiz, Erregimen Liberaletik nazismora pasatzea, izugarrizko atzerapausoa.
Dena den, alderdi politikoak sortu zirenetik beti egon da kontserbadorea izan den bat, antzinako balioak eta printzipioak mantentzearen aldekoa, eta hori gizartean aldaketa egon delako froga da. Azkenaldian, ordea, joera kontserbazionista horiek indartu egin dira, eta hauteskundeetan ultraeskumaren gorakada nabarmenki ikusi da. Nola azaldu goraka hori? Har daiteke gizartearen atzeralditzat?
Faktore asko daude fenomeno honen atzean: migrazioa, inflazioa, langabezia… Hala ere, hauetariko faktore asko beldurrarekin lotu daitezke, fobiarekin hain zuzen: xenofobia, homofobia, ergofobia… Hortaz, aldaketaren beldurra izan daiteke ideologia indartu-berri honen ezaugarrietako bat. Era honetara, sarritan komunitate txikiak ageri dira errudun, eta baztertuak izaten dira (trans indibidualak, beltzak, etorkinak…), hauek baitira (ultraeskuindarren ustetan) gaitzen sortzaileak.
Diskriminazio hori gizartearen jokabidearen adibide sinplifikatua da. Denboran mende bat atzera joanez gero, eskumako ideologia txarto ikusita zegoen. Are gehiago, 1931n emakumeei bozkatzeko eskubidea ez onartzeko arrazoietako bat zera zen: analfabetoak ziren bitartean, elizarengandik eta jauntxoengandik influentzia jasoko zuten eta eskuma bozkatuko zuten (ez ziren haien aburu pertsonalaz baliatuko). Alabaina, urteak aurrera joan eta orain ultraeskuma bere goraldian dago. Ez al da paradoxikoa? Zerk bultzatu du aldaketa hori?
Gizakiaren ohiko jokabidea da tentsiozko eta zailtasunezko egoera batean, autokritika egin beharrean, defentsiban jartzea. Injustizia baten aurrean herri osoa deseroso dagoenean, guztiak agertzen dira iraultzaile. Aldiz, norbera bakean (eta pribilegioan) bizi denean, ez du besteengatik borrokatuko bere interesak mehatxatuta ikusten baditu (lan aukerei, etxebizitzari, soldatari… dagokienez), eta beraz, neurri protekzionistak ezarriko ditu mehatxuen aurrean. Laburbilduz, ez du berdintasuna aldarrikatuko, baizik eta norberaren ongizatea babestu.
Horrenbestez, gizartearen heldutasuna edo bilakaera aurrerapen edo atzerapen hitzetara murriztea oso presazkoa iruditzen zait. Egon dira aurrerapeneko eta atzerapeneko momentuak, baina oro har esango nuke gizakia bere interesen arabera mugitzen dela eta oso berekoia izaten jarraitzen duela. Eta hori, Kant filosofoak definituko lukeen moduan, adingabetasunaren seinale da. Oraindik hobetzeko marjina oso handia da. Badira gizartean integratuta ez dauden gutxiengo asko, miseria gorrian bizi diren lagun ugari, eskubide murriztuak dituzten beste hainbat gizon-emakume…
Interes indibidualak interes komunekin ordezkatzen direnean adin nagusitasuna lortzen delakoan nago. Egozentrismoa gizakiaren gaitz nagusia dela deritzot, eta gizartean aurrerapausoak lortzeko ezinbestekoa zaigu enpatia eta apaltasuna lantzea. Balio moral asko falta zaizkigula uste dut.