ZUZENDARIARI

BECtekadak bete, hustu?

Pasai-Donibane.
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Betea nahiz hutsa, hamalau mila inurri otzan zein beste horrenbeste gizapiztia. Hala sentiarazi gintuen jaiegunean Barakaldon aretotzarreko ikuskizunak. Margolarietan pintzel Maialen Lujanbioren agurreko ondoko puntuok ere bat zetozen nire barrunbeko korapiloarekin: «hain handi dirudien hau/hain txiki hormaz bestalde/hemen hizkuntza hain sendo/hor kanpoan hain ahalge...».

Ahapaldi horiek laburbiltzen dute ondoen igandean neronek ez ezik inguruko askok ere bizi izandakoa. Mendez mende mendean hartu gaituen eritasunak jota ospitaleratu genuen geure burua. Hamarkadaz hamarka nozitzen dihardugun dikotomiaren bezero izan ginen; urteak joan, urteak etorri gainezka egin digun eskizofreniaren lekuko gizagaixo. Izan ere, gazitik nahiz gozotik izan zuen domekak, izan nahi genukeenaren eta garenaren arteko talka, barruko epeltasunaren zein kaleko negu gorriaren aldea.

Pabiloi handiak txiki sentiaraziagatik, sua zerien bertsolarien artelanak eskertzeko txalo-zaparradei, luzaroan lozorroan, lo seko dirauen amalurra tupustean iratzarri zela zirudien, Nafarroako erresumako ahaideen ondorengo peto-peto, oholtzapea zipriztindu zuen erkin bezain ahaltsu. Azken finean, argi-izpi distiratsuen artean, ez zen zalantza izpirik herri xume xaloaz harro baino harroputzago gaudela.

Nolanahi ere, saioa bukatutakoan, ilunabarrak erabat lausotu zuen ordura arteko paradisua, kanpoko hormek izoztu egin zuten kiskalita zegoen kafearen azukre koxkorra. Akabo. Tamalez, nire baitan iltzatu behar izan nituen Hernaniko erraldoiaren lehendabiziko hitzak. Ekitaldiko sugarra tximistak baino agudoago blaitu zuen errealitate gordinak.

Sasoi labur horretako algarak negar-malko bihurtuta, egiaren borobilak eztanda eragin zidan. Nolanahi ere, zorionez, BECeko barrualde hark jabearazi ninduen herritarrok auzoa egiten dugula, euskaldunok Euskal Herria, sustraiek beren horretan dirautela, baita enborrak ere, tarteka-marteka, adarrak ezker-eskuin mugiarazten dituen haize-ufada gogorrak txikitzen baditu ere.

Hortaz, alderdi politikoek boto-gosea zeharo asebete arte, guk geuk jarri behar dugu boga-boga trainerua, nork bere erantzukizuna hartu behar du. Lehengo asteko erakusleihoak zer norabide hartu behar dugun ikusten laga behar digu. Ez gaitzaten itsutu. Gelak bete lan dugu gure xedea lortzearren. Ez dezagun ahoa aldarrikapen hutsez bete, jarrai dezagun sugarren beroan akelarrean dantzan, lanean, borrokan, ahal dela, hutsa baino beteagoak izan gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.