Hamabiak laurden gutxi dira abenduaren 22ko neguaren hastapenetan. Giro umela, hotzila eta goibela. Joxe Bengoetxea Iturririaren hileta da 12:15ean. Batzuk ohituraz, dagoeneko, elizako kalostran daude gorpuaren zain. Beste batzuk Zubi-Punta ostatuan TVE1eko loteriari so.
Pixkanaka, eliza betetzen hasi da. Bitartean hizketa-hotsa entzuten da atze-aurrean; garai batean eliza-barnean ezinezkoa zena. Erdaraz ere ari dira bertako batzuk. Berogailua piztuta dago eta nabari da. San Pedro da aldare buruan.
1913ko ekainaren 2ko uholdeen aipamena:
Ezkerreko horman J. Ciga Echandiren irudian Pedro Inda erretorearen hitzak: 1913garren urtean Erearuaren 2.nean, erri untan,Erratzu´n gertatu zen ubar ikaragarriaren oroitzapena. Uholdeen oroigarri gisa Cruz Goyeneche Amayur-ko erretoreak eginiko hiru bertso dira bertan:
Ekaizti beltzak beren bidetan
ibil azten ditu Jaunak
nai dunean ekin zenzatu
lurrean bizi garenak
ori ala dela adiazten dute
emen gertatu zirenak
ez bada antzi, Erratzuarrak
zueri Jaunak emanak.
Egun itzusi lazgarri artan
Jesus ementche gelditu
Ari eskerrak ugalde artan
bizia niork ez galdu
Jaunaren onaz izandu zala
dezagun denek sinistu
Bai eta Bera biotzetikan
beti ta beti maitatu.
Erratzun bizi zaten guztiok
Jesus´i eman eskerrak
Arek salbatu zintuztelakotz
garbitu zuen biotzak
eta aldarean dagon bildotsa
maiz artu nire umeak
egun eskatzen datzue ori
zuen arimako artzainak.
Eliza jendez erabat bete da. 50-60 urtetik gorakoak gehienak; gazte-jenderik ez. Aitzinean prest diren eserlekuetan jesartzen hasi dira familiartekoak. Meza erabat euskaraz izan da. Sermoia luze samarra. Jaunartzean 100en bat lagun. Bi ilaratako organoaren soinuak eta bertan zen emakumezko abesbatzak girotu dute elizkizuna.
Amaieran, aurretik alarguna, eskuetan zenduaren errautsak zituela, eta familiartekoak zirela, hilerrira segizio egin da isiltasunean; ehunen bat lagun. 13:30ak aldera eman diote lur bertan.
Erratzuk merezi du ikustaldi eta mendi-ibilaldi bat.