Administrazioan Euskaraz Taldea

Basauriko Udalak ez ditu euskaldunak behar bezala aintzat hartzen

2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Basaurin, Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturik egonik, euskara erabat ofiziala da eta euskaldunak legez gure hizkuntza-eskubideen jabe dira. Ofizialtasunari esker, herri-administrazioekin euskaraz jarduteko eskubidea dago, nahiz eta sarritan eskubide hori urratzen den; basauriar euskaldunek beren Udalera jotzen dutenean euskarazko arreta jaso behar dute zerbitzu eta egoera guztietan, baina ez da beti bermatzen hori.

Basauriko Udalak ibilgailuen atala eta baliabide lagungarriak kudeatzeko arduradun-lanpostua zerbitzu-eginkizunetan betetzeko deialdia egin zuen. Deialdiko oinarrien arabera, guztirako puntuazioa 18,745 zen eta euskarari dagokiona 0,845, hau da, guztiaren %4,5 baino ez (indarrean zegoen Dekretuak gutxienez %5 ezartzen zuen). Gainera, plazak 1. hizkuntza-eskakizuna (B1 maila) ezarrita dauka, derrigortasun-datarik gabe, eta maila hori arduradun-lanpostua izateko oso urria da. Horrelako lanpostu batean meritu gisa B2 mailaren inguruko balorazioa ezarri zen Euskararen Dekretuan egun batzuk geroago. Horiek horrela, basauriar batek deialdiaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du, baina udalak ez du onartu; basauriar hori interesduna ez dela argudiatu du udalak, herritarrak udal-gaietan interesdunak direla jasota badago ere. Horrez gain, euskarari emandako balorazio urria egokia dela erantzun du udalak, bere Euskararen Ordenantzan jasotako irizpidearen aurka eginez eta 1997ko 86/1997 Dekretuaren erdarazko testuko interpretazio okerrean oinarrituz.

Aurrekoa gutxi balitz bezala, Basauriko Udalaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren indarraldia 2022ko abenduaren 31n amaitu zen, eta ez da plan berririk onartu, ezta aurrekoaren indarraldia luzatu ere. Herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa gidatzeko, funtsezkoa da erakunde bakoitzak onartzen duen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana, bertan jasotzen baitira helburuak, indarguneak, ahulguneak eta zer arlotan eragin nahi den. Alabaina, Basauriko Udalak bere plana iraungita dauka eta ez du hasi ere egin hori berritzeko prozesua. Horregatik, basauriar batek Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan berria onartzeko eskaera aurkeztu dio udalari. Planifikaziorik eta baliabiderik ezean, erdaren erauntsiak euskara administrazioetan ere aurrean eraman dezake.

Euskara normalizatzearen alde omen dago Basauriko Udala, baina bada garaia, diskurtso politak gorabehera, euskararen aldeko neurriak hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.