ZUZENDARIARI

Barkatu, aita; barkatu, euskara

Ane Larrakoetxea.
Algorta.
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Korrika, haurtzarotik berezi eta kuttuna izan zaigun hori. Euskal Herriaren adierazle, euskal nortasunaren erakusle, gure hizkuntzaren bultzatzaile. Haur, zahar, emakume, gazte, gizon guztion elkartzaile.

2.500 kilometro herriz herri, egun eta gauez, gelditu gabe, euskararen alde. Ba al dago hori baino politagorik? Konpromiso handiagorik? Jende andana hurreratzen ikusteak sorrarazten dizkizun sentsazioak: urduritasuna, adrenalina, poztasuna, ilusioa. Eta orduan hausnarketa prozesu batean murgiltzen zara. «Zer gara gu? Nor gara gu?». Euskalduna naiz ni? Pertsona asko samindu egingo lirateke galdera hau egiteagatik. Baina zer da euskalduna izatea? Euskaldun euskaraz mintzo direnei deritze. Askotan euskal herritar terminoarekin okertu egiten gara; horregatik mindu egiten da jendea.

Askotan ez naiz euskalduna, eta onartzen dut. Gehiegitan, gainera. Eta ez aukerarik ez dudalako; izan ere, nire inguruko jende gehienak euskaraz badaki. Gauden momentuan gaudela, ezin diot errua beste inori bota, neure buruari baino. Atea itxita dago baina giltza norberak dauka.

Guraso erdaldunak ditut, gazteagoak izan zirenean euskaltegian aritu izan zirenak, baina gauza batengatik edo bestearengatik albo batera utzi zutenak. Gaur egun, bietako bat ere ez da gai elkarrizketa bat euskaraz izateko. Gogoratzen dut aitak, AEKn zebilenean, euskaraz egiteko eskatzen zidala. Baina haur horren erantzuna ukazioa izan zen. Zergatik? Lotsagatik. Konplexuengatik. Nola, ba, hitz egingo nion nik aitari euskaraz? Aitarekin gaztelaniaz hitz egitea zen zuzena. Ez nintzen gai izan nire aitari euskaraz hitz egiten laguntzeko; ez zuen bere alabaren babesik izan. Eta orain damuak datoz. Barkatu, aita. Barkatu, euskara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.