Arratsaldeko zortziak; zortziak bi gutxi, hain zuzen ere. Kaleak isilik daude, ez da tutik ere entzuten. Balkoira atera eta bizpahiru bizilagun baino gehiago ez daude leihotik begira, txaloen zain. COVID-19a zabaldu zenetik ohitura bilakatu zen txalo-zaparrada zirimiri bihurtu da. Aldaparen goitik zetorren tsunamia, gaur, olatu txikia baino ez da. Bizilagun hauek uhintxo horretara batu dira, txalo lotsatiak eta ahulak zeruari eskaintzen, beste egun batez. Errezelpean babesten dira zenbait balkoikide. Shakespeareren hitzak gurera ekarrita: uhintxora batzea edo ez, hor dago koska.
44 iluntze eman ditugu batera eta elkar ezagutu dugu. Bizilagun anitzek partekatzen dugu 230 metroko kale hau: kristauak, ateoak, musulmanak eta auskalo zenbat erlijio gehiagotakoak. Adinekoak dira nagusi; behintzat, horiek dira leihora ateratzen direnak txalotzera egunero. Bikotekideak, familiak, alargunak, ezkongaiak, lagunak... Baina, guztiok batzen gaituena birus madarikatu hau da: koronabirusa. Koronabirusa eta osasungileei —eta aurrera bizitzeko lan egiten jarraitu duten horiei guztiei— eskertzeko grina.
Bizi dugun txalo-greba hau aldarrikapenez josita egon da, gehienbat arduragabekeriaz jokatu dutenen aurka. Borrokan dabilenaren aldeko keinu politak ez duelako ezertarako balio artaburu batzuk kalera ateratzen badira. Osasun-, garbiketa-, garraio-, merkataritza-alorrean eta abarretan lan egiten dutenek errua ez duten arren, horrela egingo da manifestazioa, edo manifestapena. Festa baino, penaz. Eutsi goiari!