LABen delegatuak Moventis TCC enpresan

Baldintza duinak, billabesen zerbitzu duin bat izateko

Gustavo Gonzalez, Laura Molina eta Iñaki Diez
2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela bortz urte, pandemiaren unerik gogorrenetan, autobus gidariok funtsezko langiletzat jo gintuzten. Mundua gelditzen ari zen bitartean, guk gidatzen jarraitu genuen, osasun langileak, langileak oro har eta herritarrak segurtasunez mugitu ahal izatea bermatuz. Oso baldintza eskasetan egin genuen lan, babes egokirik gabe, gure osasuna eta ingurukoena arriskuan jarriz. Txaloak eta aitortzak jaso genituen, nahitaezkoak ginela erran ziguten. Hala ere, egun, funtsezkotzat jotzen gintuzten erakunde horiek beraiek bizkarra eman digute.

Iruñerriko hiri garraioaren enpresa esleipendun den Moventis TCC enpresako langileok lanuzteen bigarren hilabetea hasiko dugu eta ez dugu gatazkaren konponbiderik ikusten. Ez enpresak, ez zerbitzuaren ardura duen Iruñerriko Mankomunitateak, ez Nafarroako Gobernuak ez dute erakutsi gatazka hau konpontzeko borondate txikienik ere. Gure borroka ez da apetatsua: bidezko lan baldintzak, gure eskubideen errespetua eta herritarrei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatea hobetzea eskatzen dugu.

2024. urtea bidaiari errekor historiko batekin itxi genuen. Orain inoiz baino gehiago, billabesak ezinbertzekoak dira, billabesek mugitzen baitute gure egunerokoa. Hala ere, garraio publikoa kudeatzen dutenek ez dakite bertako langileen errealitatea zein den. Autobusak egoera txarrean daude, lan baldintzak gero eta okerragoak dira, eta zuzendaritza ez dago negoziatzeko prest ez badugu lehenago greba altxatzen. Baina greba izan zen, hain zuzen ere, hitzarmen duin bat lortzeko bidean gelditu zitzaigun hondarreko baliabidea. Bitartean, garraioaren erabiltzaileek ere pairatzen dituzte instituzioen axolagabekeria horren ondorioak.

Ez dugu ikusezin izaten jarraitu nahi. Ezin dugu onartu prekarizazioak aurrera egitea, zerbitzu duina bermatzeko ardura dutenek bertze alde batera begiratzen duten bitartean. Erantzunak exijitzen ditugu, elkarrizketa exijitzen dugu eta, batez ere, errespetua exijitzen dugu. Izan ere, duela bortz urte esentzialak baginen, gaur egun ezin gara erabili eta botatzekoak izan. Eta behin bide hori hasita, ez dugu bazter batera eginen gure helburuak lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.