Baionako auzitegi judizialeko epaile andere-jaunak, agur.
Euskaltzale batzuek euskarak frantses estatuko agintariengandik pairatzen duen tratamendu bidegabea salatzeko egin genituen ekintza batzuetan esku hartzeagatik, martxoan Baionan epaitu ninduzuen. Epaiketa hasieran, euskaraz deklaratu nahi nuela adierazi nizuen. Prokuradorea horren aurka agertu zen, haren iritziz frantsesez ongi hitz egiten nuelako, euskaraz deklaratzen banuen epaiketa itzulpenagatik luzatuko zelako eta frantses konstituzioaren arabera euskaraz deklaratzea debekatu behar zitzaidalako.
Prokuradorearen iritziei segituz, epaile nagusiak euskaraz deklaratzea ukatu zidan. Orduan, zergatik euskaraz deklaratu nahi nuen frantsesez azaltzen hasi nintzaion. Berehala hitza moztu zidan eta ez ninduen utzi azalpenak ematera.
Epailearen jarrera bidegabe horrek hasieratik agerian uzten zuen epaiketa bera bidegabea zela. Hain zuzen, nola epaile batek zuzentasunez epaitzen ahal ditu euskarak pairatzen duen tratamendu bidegabea salatzeko euskaltzaleek egindako ekintzak, epaile horrek euskarari tratamendu bidegabea ematen badio? Frantsesaren arazoan Euskal Herrian, epaileak epaile eta arazo zarete.
Horiek hola, epaiketa bidegabe horretan ez esku hartzea erabaki nuen eta epaitegitik atera nintzen. Epaileak mintzatzera utzi banindu, onetsi zituen prokuradorearen iritziak ez zirela justifikazio zuzenak adieraziko nion.
Hain zuzen, euskaraz gain frantsesa menperatzeak ez du zilegi egiten euskaraz deklaratzea debekatzea. Frantsesez eta gazteleraz usu hitz egiten dut, bi hizkuntza horiek biziki maite ditut, baina euskaldunok Euskal Herrian euskaraz bizitzeko zilegitasuna badugu.
Euskaraz deklaratzeak epaiketa itzulpenagatik luzatuko lukeela? Euskara ulertzen ez dutenek lukete epaiketa luzatuko! Euskara ulertzen ez duzuen prokuradore eta epaileak, euskara ikasten laguntzen ahal zaituztegu.
Frantses konstituzioak euskaldunoi euskaraz deklaratzea debekatzen baldin badigu, konstituzio bidegabea, gizatasunik gabekoa eta hizkuntza hiltzailea da, eta epaileek desobeditu behar diozue.
Epaitegitik atera nintzen, beraz, eta epaiketan segitu zenuten, zilegitasunik gabe, epaiketa batean akusatuak deklaratzeko aukera ukan behar baitu, eta aukera hori ukatu zenidaten. Salaketa ekintzak zergatik burutu genituen azaltzea ukatu zenidaten. Eta bidegabeki gogorki kondenatu ninduzuen: hilabete bat presondegi atzerapenarekin eta 500 euroko isuna.
Ikasleei baxoa euskaraz pasatzea debekatzen zaiela salatzeko, joan den maiatzaren 17an bost euskaltzalek Baionako Suprefeturaren kanpoko horman Geldi euskara zapaltzea idatzi genuen.
2022an eta 2023an, euskarari lehentasuna ematea eskatzeko, hainbat euskaltzalek, Nafarroa Behereko hamaika herritan bide seinale erdaldunak kendu, eta Portugaleteko Bizkaia zubiaren ondora eraman genituen. Unescok zubi hori gizateriaren ondare kultural izendatu zuen. Ekintzaile euskaltzaleek, euskara, munduko gainerateko hizkuntza guziekin, gizateriaren ondare kulturala dela adierazi genuen; frantziar eta espainiar estatuen agintariek euskara zapaltzen dutela eta egoera horren aitzinean Unesco mutu egoten dela ere salatu genuen.
Ekintza horietan esku hartzeagatik, irailaren 10ean Baionan epaituko nauzue. Epaiketa horretan ere euskaraz deklaratzeko asmoa dut. Hizkuntzen aniztasunaren edertasunarentzat, eta justizia euskararentzat gauzatzeko, euskaraz deklaratzera utz nazazue.
Epaile andere-jaunak, har itzazue nire agur zintzoak.