ZUZENDARIARI

Badaezpada

Gasteiz.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Beste herri batzuetan koronabirusak sorrarazitako egoera latzaren aurrean herri apalak nola jokatzen zuen alegia, eragabeko beldurrez ikustean, denok gure kolkorako esan genuen baldintza berapean geronek, aldiz, neurriz erreakzionatuko genuela. Edozein aurreiritziz baliatuz, gu ez bezalako atzerritarrek dituzten gehiegizko kezkak euren onetik atera izana nortasunarekin lotuta zegoela argudiatzen genuen: aipatutako ereduarekin jarraituz, italiarrek ez daukate baretasunari eusterik, oso sentibera, odolbero eta oldartsuak omen direlako. Aitzitik, euskaldun gehienok pertsona zentzuduntzat ez ezik, geure burua hain zintzotzat ere jotzen dugu, non horrelako egoeretan besteei lagunduko geniekeela zinez baikeneritzon. Hala ere, Gasteizen larrialdia areagotzen hasi den bezain laster, errealitateak asmo ezin hobeak zapuztu ditu, eta egiazko izaera agerian jarri digu. Senak gure ipurdia kosta ahala kosta salbatzera bultzatzen gaitu. Alde horretatik, azken egunotan makina bat lagunek supermerkatuetara ahalik eta azkarren jo dute janariz hornitzera, eta, horren poderioz, batzuoi apal asko hutsik azaltzen zaizkigu eguneroko erosketei ekiten diegunean. Izan ere, etxean konfinamenduan zehar eskuratzearren oraindik behar ez dutena eramaten dutenek besteok gaur bertan behar dugun jatekorik gabe uzten gaituzte. Auzokideentzatkaltegarria litzatekeela jakinda, janaria sobera erosten dutenei bost axola zaie besteek beltzak ikustea. Are gogaikarriago, «izurrite hau ez da hainbesterako» eta, segituan, «badaezpada» aterabidearen moduko ateraldi erabilia nork bere burua zuritzeko edota itxurakeriak estaltzeko baino ez du errepikatzen, jadanik gainezka dagoen erosketa-orgaren barrura jakiak etengabe bota bitartean. Egia esan, badaezpada hitza ondo baino hobeto datorkigu geurekoiak izateko. Ildo beretik, demagun bufet txinatar batean ok egin arte jan duen bat kaka praketan larrialdietara doala medikuek sabeleko mina koronabirusak eragin dion argi diezaioten. Kutsatu izanaren beldurraren arren, barru-barruan badaki ez daukala puri-purian dagoen gaixotasunarekin zerikusirik, eta, hori gutxi balitz bezala, agian mediku arretaren zinezko premia duenari hori jasotzea oztopatzen diola. Alabaina, badaezpada aitzakiapean, medikuarengana bai ala bai lihoake. Hausnarketa horien aldetik, argi dago koronabirus izurriteak irakaspenen bat dakarkigula: ikarak egiazko izaera azalarazten digu, eta etsaitu zein berdintzen gaitu gizakiok. Azken hori aintzat hartuta, hobe genukeen italiarrekiko gaizki-esanei eustea, badaezpada egoera larri berean jarrera bera hartu beharko bagenu ere. Edo, agian, lerrook ezabatu beharko nituzke, badaezpada ere bihar erosketa-orga neronek ahalik eta gehien bete beharko banu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.