ZUZENDARIARI

Autogorroto linguistikoa

2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Erne jartzen zait belarria hiriko aglomerazioetan sartzen naizenean. Ohitura txarra dela diote, baina iritzi publikoa nondik doan jakiteko modu bikaina da. Nire amonak kazetaritza bikaina egiten zuen teknika honi esker. Nire aldetik, honela izan dut hainbat gutun eta zinta komiko egiteko parada. Eta autobus paradan jazo da, hain zuzen, lerro hauetako gaia.

Unibertsitatetik bueltan, hiru ikasle topatu ditut garraio publikoaren esperoan. Hirurak kazetaritza ikasle. Gazteleraz ari dira. Horietako batek hala diotso:

-Baina guk BERRIAko estilo liburua erabiltzen dugu Erredakzio ikasgairako.

-Kontxo! -dio beste batek -Guk The Times-ena erabiltzen dugu, askoz internazionalagoa.

-Bai, baina guk euskaraz ikasten dugu eta...

-Guk... Hori dauka gazteleraz ikasteak, askoz ere material potenteagoa ematen dizute, ez sasiegunkari baten (periodicucho jatorrizkoan) eskuliburu bat...

-Ya...

Ideiak, argi eta garbi hirurek. Euskaraz ikasteak ez du pitorik balio, euskarazko gidak eta informazioa bigarren mailakoak direlako. Bestalde, egunerokotasuna inportantea da, baldin eta batek Londresen gertatzen dena badaki. Euskaraz, eta norberaren herrian gertatzen dena (ere) jakitea, probintzialismo hutsa. Azkenik, ingelesari esker, gure gazteek argi eta garbi barneratu dute, gure berezko hizkuntza inportantea ez ezik, gaztelerak ere ez duela pitorik balio. Hori bai: kalean, ez dira ez ingelesez, ez euskaraz mintzatzen. Gazteleraz, ordea, bai. Bata zein bestea irakasten ez ziren garaietan bezala.

Nire ondorioa: norberaren berezko hizkuntza baloratzen irakasten ez duen hezkuntza sistemak autogorrotoa sustatzen du. Kuriosoa, zeren eta duela mende erdi, autogorrotoa errepresioaren bidez sustatzen zen, eta zapalduek aski soberan zekiten etsaia nor zen. Orain, ez dakigu etsaia The Times, internazionalismoa edo gu geu garen. Dakigun gauza bakarra da euskararen balorazioa ez dela askorik aldatu. Eta hiztunek eurek ere argi dutela hizkuntza arrotzak hobe direla eurena baino, nazioartekoa dela eta ez dela. Es lo que tiene...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.