ZUZENDARIARI

Autoen inspekzio teknikoetako ilarak

Ainhoa Larrañaga.
Donostia.
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Kexa asko egin dituzte herritarrek txartelaren iraungitzea gainean izanda inspekzio teknikoa pasatzeko txandarik ematen ez dutelako, edo, kasurik onenean, Nafarroara joanda pasatzea lortuz gero ere, autoen inspekzio teknikoa pasatzeko sekulako ilarak egin behar dituztelako. Bizpahiru hilabeteko tarteekin ematen ari dira inspekzioa pasatzeko txandak Gipuzkoan eta Araban, eta horrek herritar askorengan haserrea piztu du. Legez ibili nahi errepidean eta ezin. Ez dute txandarik ematen autoa erdi berria izan arren, jakin arren inspekzioa pasatzeko batere arazorik ez duela izango, tramitea bete egin behar delako isuna pagatu nahi ez bada, edozein herritako edozein bazterretan ertzainen kontrol bat egokituz gero.

Atentzioa eman dit, ordea, inor ez kexatu izanak inspekzioa pasatzeko auto berriei jartzen dizkieten epe mugatuez eta laburrez. Gogoan ditut autoa berria zenean lehen inspekzioa handik bost urtera pasatzen ziren garaiak, autoek ez zutenean gaur egun dituzten segurtasun neurrien laurdenik ere. Auto berrietan, gurpilek haize pixka bat falta dutenean ere argi gorria pizten da.

Autoak inoiz baino seguruagoak diren honetan, zer dela-eta exijitzen digute inspekzio teknikoa pasatzeko maiztasun gero eta handiagoa? Zergatik autoak bi urte bakarrik dituztenean hasi behar dute inspekzioa pasatzen, eta aldiro-aldiro pagatu egin behar da? Zer ezkutatzen da horren atzean? Autoen segurtasuna bermatzeko neurria denik ezin sinetsi, autoa berria dagoenean eta inspekzio pasatu ostean behin eta berriz teknikoak «perfekto» esaten dizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.