Badira urte batzuk Etxepare lizeotik Nafarroa Oinez-era autobusa antolatzen hasi ginela. Euskaratik abiatuz lurraldetasuna eta herri kultura izan ditugu ardatz lizeoan, bai gela barruan eta baita gelaz kanpo antolatzen ditugun ekimenetan ere.
Azken hamarkadetan euskara eta ikastolen alde antolatu egunetara emeki-emeki era kolektiboan (autobusean) joateari utzi diogu. Bakoitza bere autoarekin, bere familiarekin edo lagun taldearekin doa. Eta lizeoko adinean dauden gazteek utzi egiten diote parte hartzeari, 17 urterekin gurasoekin nahi ez, eta lagunekin nola joan ez dutelako.
Gogoeta honek lizeotik Nafarroa Oinez-era autobusa antolatzera eraman gintuen, eta fite ohartu ere era kolektiboan joateak on egiten zigula. Joan-jinak autobusean kantuz egin ditugu Altsasura, Tuterara... COVID-19aren krisitik ateratzen ari ginela Lizarrako Oinez-era joan ginen. Jende metaketak ekiditeko bi egunez antolatu zen, eta hor beste urrats bat egin genuen. Lizarra ikastolako lagunei proposatu genien lizeotarrek bi egun horietan parte hartze aktiboa izatea; musika, dantza, eta nola ez, Baxoa Euskaraz pasatzearen aldarria eraman nahi genituela. Emaitza ezin hobea izan zen, lizeoko gazteek Lizarrako gazteekin hartu-emanak eraikitzeko balio izan zuen, eta autobusa antolatzeak zituen onurei beste bat gehitu genien, Hego Euskal Herrian ere azterketak euskaraz pasatzearen aldarriari ikusgarritasuna ematea. Horrez gainera, «misio» horrekin joateak aitzin antolaketa bat dakarrenez, gure artekoak sendotzeko ere balio du.
Iaz Tafallako Oinez bere ohiko formatura itzuli bazen ere, emaitzak ikusirik, larunbatetik joatea aipatu genien Garces de los Fayos ikastolako lagunei. Berriz ere Lizarrako magia sortu eta gure giro eta aldarria hedatu genituen Tafallako karriketan zehar, bertakoen eta gure plazerarendako. Gainera, Tafallan bertan egin genuen lehen lotura 2023ko Oinez antolatzeko ardura duen Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako lagunekin.
Ostiralean telefono kolpe bat izan genuen lizeoan. Oinez-eko antolatzaileek uztailaren 6an San Ferminetan antolatzen duten Oinez guneko suziria guk jaurtitzeko gomita egin ziguten, azken urte hauetan egindako ekarpena eskertzeko eta Baxoa Euskaraz-en aldarria plazaratzeko asmoz. Pozez eta ilusioz hartu dugu gomita hau, eta irakasle, langile, ikasle eta guraso talde bat gerturatuko gara bertara. Bide batez, Iruñean egun berezi horretan dauden euskaltzaleak bertara joatera gomitatzen ditugu.
Sarritan entzuten dugu gero eta atomizatuago dagoen gizarte batean bizi garela; bada, urteak dira autobus bat antolatzeak ezagutzak, aldarri baten hedapena eta sustut sinergiak ekarri ohi dizkigula. Iduriz garrantzi handirik ez zuen jestu batek bidea egin du. Egun Nafarroa Oinez hitzordu garrantzitsu bat bilakatu da lizeoko ikasleentzat. Hau da guk hautatutako bidea.
ZUZENDARIARI
Autobus baten garrantziaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu