Ikasturtearen hasieran egon den inork, nire kasuan haur eta lehen hezkuntzan, ezin du zalantzan jarri aurrez aurreko hezkuntza ordezteko modurik ez dagoela. Eta ez da gugatik eta gure gaitasunengatik; meritua ikasleena da. Elkar ikusteko gogoz etorri dira, elkarri hitz egiteko, oihuka aritzeko, elkarrekin jolasteko gogoz. Korrika egiten dute eta barre egiten dute, eta, zer nahi duzue esatea, ikaratu egiten naiz norbaitek pentsa dezakeelakoan hori urrutiko heziketarekin ordezka daitekeela. Elkarren arteko ikaskuntzak, berdinen artekoak, afektiboak, komunikatiboak... Zoragarriak izateaz gain, ezinbestekoak dira.
Kezkatzen nau irribarrea desitxuratzen diguten maskarak normalizatu izanak; orain begiekin irribarre egiten dugu soilik. Betiko kontsignak berretsi ditugu: minik eman eta jaso gabe jolastea, gure jokoa besteentzat ere jolasa dela ziurtatzea, elkarri laguntzea… Kontsigna horiek guztiek zentzua galtzen dute taldea desagertzen bada eta norbanakoa isolatuta geratzen bada.
Asteartean grebara joan nintzen arrazoi askorengatik; besteak beste, nire ikasleetako bat konfinatuta dagoelako. Pozez zoratzen etorri zen lagunekin jolastera, baina zoriontasunak astebete baino ez dio iraun.
Ez dugu maskara eta gel hidroalkoholiko gehiago nahi; irakasleak nahi ditugu, besteak beste, ikasleen ratioa jaisteko eta naturan ikastera irten ahal izateko.
Ez dugu nahi konfinatzerik, baliabideak nahi ditugu. Ikastolan nahi ditugu, baina alai eta seguru. Bizitza eta zaintzak zentroan jarri nahi ditugu, eta, horretarako, giza baliabideak behar dira. Danimarkako ikasgaia hor dugu: ratioak 10era murriztu eta espazio publikoak gehitu dira. Horretarako, ikusi ez ditugun 6.000 irakasle behar dira, sindikatuen kalkuluen arabera.
Oraingoan ez dugu nahi, berriro, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskuak garbitzea. Gure osasun psikikoa dago jokoan.
ZUZENDARIARI
Aurrez aurreko hezkuntza seguru bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu