Triste gerturatu zitzaigun mimo bat; negar malkoz bustiak zituen begiak. Gogorra delako dena utzi eta alde egitea, urrun joatea, nora joan eta noiz arte galderei erantzunik eman gabe. Baina ez da xamurragoa senide edo laguna preso izatea, ehunka kilometrotara eskubide urraketa etengabean. Biak daude preso, biak urrun…
Bigarren mimo bat hurbildu zen; haserre zegoen… Bisita baten ostean kristalaren beste aldean maite duzun hori agurtzen duzunean sortzen den haserrea igartzen zitzaion; edo sakabanaketak eragindako istripuek utzitako ondorio kaltegarrien berri bazuen; edo amorrua azaltzen zuen, eskubideez hitz egiten duten betiko horiek horrelako urraketen aurrean erakusten duten jarrera lotsagarriaz ohartzen zenean.
Hirugarren mimo bat pozik, alaitsu etorri zen guregana. Ongietorri batek ematen duen poza erakutsi zigun; hainbat urtetako kondenaren ondoren herrira, etxera datorrenaren poza, etxekoen eta herritarren poza, denak etxeratuko ditugun egunaren esperantza, garai berria, konponbide garaia. Hiru sentimendu horiek doinuz jantzi eta Aurrera begira jarri gara:
Aurrera begira, momentua, garaia delako!
Aurrera begira, ateak ireki, kartzelak hustu eta plazak betetzeko!
Aurrera begira, herri honengehiengo zabalak hala eskatzen duelako!
Aurrera begira, preso eta iheslariak etxeratzeko!
Aurrera begira, elkartasun eta konpromisoz lortuko dugulako!
Eta aurrera begira, batez ere, maite ditugulako!!!
Zuzendariari
'Aurrera begira'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu